argia.eus
INPRIMATU
Poliziak bidea itxi arren, Hendaiako Erretentzio Zentrora eraman dute migratzaileekiko elkartasuna
  • Bizi! mugimenduak iragarri bezala, apirilaren 3an 9:00etan, Hendaiako erretentzio administratiboaren zentroaren aitzinera iristen saiatu dira 50 herritar. Migratzaileentzat diren tokiak hartzea helburua zuten, baina Poliziak bidea itxi die. Bizi! mugimenduko hainbat kide eta herritarrekin batera José Bové eurodiputatua izan da.  

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko apirilaren 03a
Protestariak Erretentzio Zentroaren kanpoaldean. (Argazkia: Mikel Asurmendi)

Frantziako Legebiltzarrean Geriza eta Immigrazioa Legea proiektua eztabaidatzen ari da egun hauetan eta kari horretara Bizi!-k Hendaian elkarretaratzea deitu du. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga ondoko erretentzio zentroa berriz ere irekiko baitute laster.

Frantziako Gobernuaren asmoa 30 etorkin zentroan sartzea da. Elkarretaratuko diren 50 herritarrek izena eman dute etorkinei eman nahi zaien tokietan lekua hartzeko.

Herritar multzo honen asmoa ez da gauzatu ahal izan, Frantziako Poliziek itxi dielako bidea. Herritar askok eman du izenpedura babesa eta José Bové eurodiputatuaren sostenguarekin eraman dute ekintza aurrera. Bovék badu eskubidea zentroan sartzeko eta saiatuko da manifestarien elkartasun ekintza, paperetan sinatuta, zentroraino eramaten.

Bizi!-ko Xabi Harluxetek aditzera eman duenez, “etorkinak ez dira errudunak, aitzitik, babesa behar dute, harrera politika zentzuzko bat izateko, eta ez lege proiektu horrek agertzen dituen errepresio zantzuak jasateko”.

Bizi!-k salatu duenez, etorkinak 50 egunez atxikitzen dituzte erretentzio zentroan gehienez, eta lege horrek ez du bermatzen migratzaileen egoera iraunkorra eta duina.

Migratzaileak babesten dituzten suerte guztietako elkarteak eta kolektiboak bildu dira, prentsa eta kazetari asko. Bizi!-ren lemek honela  diote: “EtorkiZUna gu gara. Ez dezagun Europa etorkinen kartzela bihurtu, hori gure kartzela izanen baita. Haiek, gu dira”

Bizi!-k iragarri duenez, maiatzaren 1era bitartean hainbat ekintza eginen ditu etorkinen aldeko sentsibilizazioa, geriza eta harrera sustatzeko eta elkartasuna aitzina eramateko.