argia.eus
INPRIMATU
José Antonio Arbesú diplomatiko kubatarra zendu da
  • Diplomazialariak 80ko hamarkadan Euskal Herriko deportatuekiko adierazitako “elkartasuna eta konpromezua” azpimarratu dute erbesteratuek.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 29a
José Antonio Arbesú. Argazkia: Cubadebate

José Antonio Arbesú Fraga diplomatiko kubatarra hil da, 80 urterekin. Naizek ohartarazi duenez, Arbesú uneoro abegikorra izan zen deportatu euskaldunekin.

Oparoa da kubatarrak herrialdearen zerbitzura egindako ibilbidea. Gaztetan enbaxadore izan zen Egipton, eta 80ko hamarkada amaieran Hegoafrikan izan zen, apartheidaren erregimenaren eta AKN (Afrikako Kongresu Nazionala) erakundearen arteko negoziazioak bideratzen. Hamarkada bat beranduago Washingtongo Kubako Interesen Ataleko burua izan zen (Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore kubatarraren baliokidea) eta urte luzez Kubako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentraleko Amerika Departamentuko arduraduna.

Deportatuen laguna

"Arbesú 1984ko maiatzaren lehenean Panaman abandonatuta zeuden lehen euskal deportatuei Kuban aterpea emateaz arduratu zen. Ordutik adiskidetasun handia sortu zen, eta 36 urte hauetan, azken arnasa arte, euskaldunekiko eta Euskal Herriarekiko harremanak bere horretan jarraitu du", azpimarratu dute Kubako deportatuek eta Euskal Herriko lagunek ohar batean.

"Euskal deportatuok eta bere lagunek asko zor diogu, eta beti izango dugu gogoan bere elkartasuna eta batez ere gurekin izan duen adiskidetasuna. Gizon handi bat joan da, diskretuki, bere bizitza izan zen bezalaxe. Arbes, gure laguna, Euskal Herriak jakingo du nor izan zinen eta zure ereduak iraungo du. Beti arte, lagun", gaineratu dute.