Andaluziako SAT sindikatuko jornalariak Ecija (Sevilla) eta Arcos de la Fronterako (Cadiz) supermerkatu banatan sartu eta "oinarrizko" elikagaiak eraman zituzten atzo, gobernuz kanpoko erakundeen artean banatzeko. Sevillako ekintzan Juan Manuel Sanchez Gordillo IUko diputatu, SATeko kide eta Marinaledako alkateak parte hartu zuen. "Desjabetutako" produktuak elikagaien banku bati emango dizkiotela adierazi zuen.
"300.000 familia etxerik gabe utzi dituzten bankuak erreskatatzen dituzte; milioi eta erdi andaluziar langabezira bidali dituzte; BEZa igo dute, Rajoyk iruzurgileentzako amnistia fiskala onartu duen bitartean; bankuei milaka milioi euro oparitzen zaizkie; autonomoei eskubideak murriztu dizkiete, langile publikoei Gabonetako aparteko ordainsaria kendu diete Bankiari 23.465 milioi euro emateko... eta hainbat kazetariri hau guztia normala eta logikoa iruditzen zaie", diote SATeko jornalariek. "Aldiz, jatekorik ezer ez duten familiei oinarrizko elikagaiak ematea astakeria iruditzen zaie".
Sevillako supermerkatuan 30 bat lagun sartu eta 10 karro bete zituzten. Arroza, pasta, olioa, esnea, lekaleak eta antzeko elikagaiak bildu eta ordaindu gabe ateratzen saiatu ziren. Ika-mika batzuen ostean kanpora ateratzea lortu zuten, nahiz eta supermerkatuko arduradunek adierazi duten jornalarien aurkako salaketa jarriko dutela. Cadizen antzeko zerbait gertatu zen, baina jornalari gehiago sartu ziren supermerkatura (100 inguru), eta kanpoan ere makina bat bildu ziren. Gainera, jornalariek bete zituzten hamabi orgak supermerkatuan gorde zituzten, sindikalistek, inguruko udaletako alkateek (herri horietako gizarte zerbitzuek jasoko dituzte elikagaiak) eta supermerkatuko arduradunek hala erabakita. Aste honetan jasoko dituzte udaletako ordezkariek.