argia.eus
INPRIMATU
Cabacasen hilketa ez dela oraindik argitu salatu dute operatibo buru zen Aldekoa ertzainaren aurrean
  • Iñigo Gogoan herri ekimenak Donostian salatu du Jorge Aldekoa ertzainen buruak torturaren prebentzioari buruzko hitzaldia eman behar duela, Cabacasen kasua artxibatzeko arriskuan den bitartean. Aldekoa 2012ko apirilaren 9an Iñigo Cabacas hil zutenean Ertzaintzako operatiboko buru zen. Senideek salatu dute ikerketak iraun duen lau urte hauetan ez dela arduradunik zigortu eta ertzainek ez dutela "inongo argibiderik eman".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko ekainaren 28a
Kontzentrazioa Donostian IƱigo Cabacasentzat justizia eske.

Aldekoak torturaren prebentzioari buruz hitzaldiak ematea familiarentzat iraingarria dela adierazi dute.

"Jorge Aldekoak Iñigoren hilketan ardura izan zuen, iragana du eta etorkizuneko prebentzioez hitz egitea iraingarri zaigu. Egun ardura du Iñigoren kasua argitzen", adierazi dute hedabideei egindako adierazpenetan. Hainbat testigantza jasota, ertzainek ez dutela kasua argitzen lagundu salatu dute.

Lau urte pasa dira Cabacasen kasua instrukzioan dela. Laster amaituko da fase hori, eta artxibatzeko arriskuan dela adierazi dute senideek. Ardurak argitzeko zantzuak ikusten dituztela eta kasua artxibatzea ez dutela onartuko adierazi dute.