argia.eus
INPRIMATU
Jordi Sánchezek eta Jordi Cuixartek lehen espetxe baimena eskuratu dute
  • Generalitateak baiezkoa eman dio Lledoners espetxearen eskaerari, eta 48 orduko baimena dute Sánchezek eta Cuixartek. Generalitateak ez du jakinaraziko irteeraren data, presoen “intimitatea” babesteko.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 15a
Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, 2017ko urriaren 20an. Argazkia: El Nacional.

Generalitateko Justizia saileko Klasifikazio Zerbitzuak hartu du erabakia. Atzo Lledoners espetxeko tratamendu batzordeak egindako proposamena onartu du, eta, hortaz, Sánchezek eta Cuixartek espetxetik irten ahal izango dute 48 orduz. Zaintza epaileak neurria berresteko 3 eta 7 egun artean du orain. Baina tramitezko urratsa da, 3 egun baino gutxiagoko baimena izanik ez baita beharrezkoa bere aldekotasuna. "Generalitateak Klasifikazio Zerbitzuen ebazpenaren berri emango du, baina ez ditu zehaztuko egunak pertsonen intimitatea babesteko", jakinarazi du Justizia sailak.

Sánchez eta Cuixart bigarren graduan sailkatuta daude eta zigorraren laurdena beteta dute dagoeneko (bi urte eta erdi). Behin lehendabiziko baimena onartua, eta bigarren graduan dauden bitartean, tratamendu batzordeak urteko beste 36 baimen egun proposatzeko aukera du.

Beste presoentzako baimenak

Zigorraren laurdena bete ahala izango dute baimen berdina eskatzeko aukera 2017ko erreferenduma antolatzeagatik zigortutako gainontzeko preso politiko katalanek: Carme Forcadell, Dolors Bassa, Raül Romeva eta Jordi Turullek otsailean; Joaquim Fornek ekainean; Josep Rullek urrian; eta Oriol Junquerasek 2021eko urtarrilean.