argia.eus
INPRIMATU
Jordi Borràs fotokazetaria Bilbon izango da ‘Dies que duraran anys’ liburua aurkezten
  • Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 12an, Alternatibak Bilboko Hika Ateneora eramango du Jordi Borràs fotokazetariaren Dies que duraran anys (Urteetan iraungo duten egunak, Ara Llibres, 2018) liburuaren aurkezpena.

Uriola.eus @uriolaeus 2019ko urtarrilaren 09a

Egileak berak azalduko du bere lana, 2017ko udazkenean, urriaren 1eko egun historikoen bezperako, tarteko zein osteko egunetan jasotako irudiak biltzen dituena. Ekitaldia, aurreko egunean Gasteizko EH Bilgunean egingo denarekin batera, Euskal Herrian liburu honen itzulpena aurkezteko egindako aurreneko aurkezpena izango da. Iazko Sant Jordi egunean gehien saldutako liburuetako bat izan zen.

Jordi Borràs, ilustratzaile eta fotokazetari ezaguna da, eta aurretik ere Alternatibak antolatutako saioetan hizlari aritu izan da, faxismoaren gorakada aztertzen. Bere lanarengatik talde ultraeskuindarren mehatxuak pairatu izan ditu, baita eraso fisikoak ere, udan Espainiako Polizia baten eskutik pairatutakoa adibidez.

Liburuak irudi ikusgarri bezain ikonikoak jasotzen ditu, Kataluniako historian urtetan gogoratuko direnak: herritarren mobilizazioak, hautestontziak zein boto paperak babesteko trikimailuak, kargu publikoen aurreneko atxiloketak... Irudiekin batera, egun horiek algaraz, beldurrez eta, batez ere, duintasunez bizi izan zituzten idazle ezagunak ageri dira liburuan.

Bilboko aurkezpena larunbatean izango da, hilak 12, 12:30etatik aurrera Hika Ateneon (Ibeni kaia 1). Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Borràsi sarrera egiteko, Fermi Rubiralta historialari, zientzia politikoan doktore eta ANC Euskal Herriako kidea izango da.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.