argia.eus
INPRIMATU
Jordi Borras argazkilaria jipoitu zuen poliziak urtebeteko kartzela onartu du
  • Gertaerak 2018ko uztailekoak dira, Bartzelonan gertatu ziren, Espainiako Polizia batek kalean ezagutu, hurbildu eta Borrasi eraso egin zionean, besteak beste sudura apurtuz.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 26a
Borras, eskuinean. (Argazkia: Vilaweb)

Eraso egiteaz gain, Espainiako poliziak salatu zuen orduan Borrasek egin ziola eraso berari. Orain, epaiketa egin aurreko azken “adiskidetze saioan”, poliziak salaketa hori erretiratu egin du eta onartu du berak egin ziola eraso Borrasi.

Azkenean, urtebeteko espetxe zigorra onartu du, saihesgarria izango dena poliziak giza eskubideen aldeko ikastaro bat egiten badu. Horrez gain, 7.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Borrasi. Epaiketara iritsi izan balira fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen, eta gainera, bazterketa ideologikoaren larrigarria eskatuta.

Gertaera haiek zirela eta, Espainiako Poliziak espediente bat ireki zion poliziari, baina iragarri zuen ez zuela ezer erabakiko ebazpen judiziala izan arte. Orain, Vilaweb-ek galdetu dio poliziari ea espedientea zertan den, eta honek erantzun dio datozen egunetan erabakiko dutela zer egin.

Eskuin muturra ikertzen du Borrasek Katalunian eta medio askotarako argazkiak egiten ditu, besteak beste ARGIArako.