argia.eus
INPRIMATU
Gazteen euskara erabilerari buruzko ikerketa Jaurlaritzan aurkeztu dute
Jone Miren Hernandez: “Beharrezkoa da gazte kulturak eta euskarak bat egitea”
  • Otsailaren 23an Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen bileran izan dira Jone Miren Hernandez eta Olatz Altuna, 2020ko irailean aurkeztu zuten Gazteak Euskararen Eszenatokian ikerketaren emaitzak azaltzen. Ikerketa honek hiru erabilera mota bereizten ditu: ideologikoa, kokatua eta bizitua eta Hernandezek zera azpimarratu du: "Oso argi ikusi dugu gazteen euskararen erabileran bi zutabe nagusi daudela: eskola eta familia. Gazteek erabilera bereziki bi esparru hauekin lotzen dute. Baina justu bi esparru hauek dira protagonismo gutxien dutenak gazte garaian".

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 24a

Ikerketaren egileek Gazteria batzordean azpimarratu zuten ikerketak baliatuak izateko bokazioz sortzen direla eta legebiltzarkideak gonbidatu zituzten emaitzetan ikusitakoa erabakiak hartzerakoan edo politika publikoak diseinatzerakoan kontuan izatera. Soziolinguistika Klusterrak jakitera eman duenez, Jaurlaritzako batzordean parte hartu zuten guztiek aurrerantzean gaian sakontzeko eta harremanean jarraitzeko borondatea berretsi zuten guztiek, "besteak beste, EAEko gazteria lege berriaren sortze prozesuari begira".

Gazteen euskara erabileran zer faktorek dute lotura?

Ikerketa honek aztertu ditu gazteen euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak, ikuspegi kualitatibotik, lau udalerritan: Zumaia, Pasaia, Gernika eta Amorebieta-Etxano. "Zehazki, euskararen erabileraren inguruko diskurtsoa eraikitzeko aukera eman zaie gazteei, mugarik gabe, euren interes eta esperientziatik".

Ikerketak hiru erabilera “mota” bereizi ditu:

- Erabilera ideologikoa: euskara gizartean jartzen duena.

- Erabilera kokatua: espazio jakinetan euskararen erabileraren legitimazioa –edo legitimazio eza– aztertzen duena.

- Erabilera bizitua: erabilera sentitua eta performatua, hau da, hizkuntza eta identitatea lortzen dituena.

Jone Miren Hernandez: "Beharrezkoa da gazte kulturak eta euskarak bat egitea"

"Oso argi ikusi dugu gazteen euskararen erabileran bi zutabe nagusi daudela: eskola eta familia. Gazteek erabilera bereziki bi esparru hauekin lotzen dute. Baina justu bi esparru hauek dira protagonismo gutxien dutenak gazte garaian. Garai horretan protagonismo berezia dute adinkideek eta eremu horretan euskararen presentzia dezente jaisten da. Beraz, ikusi dugu beharrezkoa dela gazte kulturak eta euskarak bat egitea. Hau da, gazteek gazte bezala espresatzeko dauzkaten baliabide eta eremuetan egon beharko luke presente euskarak. Horrek ahalbidetuko luke erabileran eragitea". Hemen Jone Miren Hernandezen testigantza, bideoan: