argia.eus
INPRIMATU
Jone Amezaga: “Jendeak erakutsitako konpromisoak egingo du herri hau libre”
  • Jasotako babesagatik esker ona adierazi du Jone Amezaga atxilotze arriskuan dagoen gazteak, Garari, Berriari eta Topaturi eskainitako elkarrizketetan.

    Asteburu honetan Gernikara joateko deia egin dio jendarteari, berari libre bizitzeko aukera emateaz gain, “datozen epaiketa politikoetan auziperatutakoek ere aukera hori izan dezaten”.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko abenduaren 12a
“Libre bizitzeko hautua egin dut, eta jendearen konpromisoari esker izango da herri hau libre”.

Espetxean aurkezteko hamar eguneko epea bertan behera geratu izana “kaosa” izan zela aitortu du Amezagak elkarrizketetan. Ertzaintzak egindako txosten batek bultzatu zuen bizkortze hori.

Horregatik, ezarri nahi dioten zigorraren atzean “beste interes batzuk” daudela azpimarratu du Amezagak. “Kasu honetan interesak ez datoz Espainiatik. Bertako gobernuaren menpe dauden ertzainek izan dute eragina erabakian. Horrek harritu egin ninduen”.

Desobedientziarako hautua egin du errigoitiarrak. “Libre bizitzeko hautua egin dut, eta jendearen konpromisoari esker izango da herri hau libre”.

Ez dela erraza izango dakien arren, ahal den heinean bere atxiloketa saihesten saiatuko direla esan du. Amezagaren hitzetan, Ertzaintzak herri oso bat ikusiko du beraien erabakiaren kontra. “Atxilotzen banaute ere, beraiek izan daitezela belarriak makurtzen dituztenak”.

Larunbatean 11:00etatik aurrera Gernikako Pasilekuan elkartzeko deia egin dute Jone Amezaga babesteko.

Topaturi eskainitako elkarrizketa: