argia.eus
INPRIMATU
Jonathan Powell Donostiara itzuliko da desarme osteko egoera aztertzeko
  • Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zenean haren kabinete buru izandako Jonathan Powell datozen orduetan Euskal Herrira iritsiko dela argitaratu du Gara egunkariak. ETAren desarmatzearekin sortutako egoera aztertu nahi du eta bilerak egingo ditu asteazkenean eragileekin.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko otsailaren 25a
Jonathan Powell Donostiara itzuliko da euskal eragileekin harremanetan jartzeko. Argazkia: Gara

Asteazkenean Donostiako Aiete Jauregian egitekoa zen biltzarra, bake prozesua sostengatzeko helburua zuena, bertan behera geratu zela jakin zen astelehenean.

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileak bildu behar zituen ekitaldiak, haien artean Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia, Gerry Adams Sinn Féineko presidentea eta Jonathan Powell bera.

Bertaratu behar zirenen agenda arazoak eta desarmearen egiaztatzaileek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zutela kontuan hartuta, bilkura egiteko momentu egokia ez zela erabaki zuten antolatzaileek.

Hala ere, Powell Euskal Herrian izango da, Gararen arabera. ETAren desarmatzearekin sortutako egoera berria aztertu nahi du.

2011ko Aieteko Konferentziako testua sinatu ostean, urtebete geroago bere kabuz itzuli zen Aietera, prozesuaren blokeoari irtenbideak aurkitzeko asmoz euskal eragileekin bilera-erronda egitera. Egoera errepikatu egingo dela dirudi Madrilek desarmearen hasiera errefusatu badu ere.