argia.eus
INPRIMATU
Jon Miranderen inoiz euskaratu gabeko hamahiru testu euskaratu dituzte
  • Jon Mirande idazlearen inoiz euskaratu gabeko hamahiru testu argitaratu ditu euskaraz Deabruaren Eskolak, eta euskaraz argitaratua zegoen beste bat ere berrargitaratu dute, zuzenketekin.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 04a
Josu Martinez zinemagilearen \'Mirande: film bat egiteko zirriborroa\' dokumentalaren fotograma.

Abenduaren 28an 50 urte bete ziren Jon Mirande hil zenetik, eta urtemuga baliatuz, Deabruaren Eskolak jatorri zuberotarreko idazlearen hamalau lan argitaratu ditu euskaraz. Asteazkenean aurkeztu dute egindako lanaren emaitza, Donostiako Konstituzio plazan. "Deabruaren Eskolak, era honetan, omenaldi egin nahi dio euskal literatura modernoa abiatu zuen gizon handi horri, Jon Miranderi", jakinarazi dute.

Miranderen testuak euskaratzeko ideia nondik sortu zen azaldu du Mikel Sotok: "2021eko martxo-apirilean, pandemiaren murrizpenak oraindik indarrean eta hark irakurtzeko, pentsatzeko eta mundu digitalean kuxkuxeatzen ibiltzeko sortutako abagunearen bueltan, egun batean, Irati Jimenezekin hizketan, euskal literaturaren ikerketan eta ezagutzan egiteko zenbat falta zaigun komentatzen ari ginenean, hitzetik hortzera ideia bat izan nuen: Jon Mirandek bretoieraz idatzi zuela irakurria nuen askotan, ez neukan, ordea, berak idatzitako testu horiek irakurri izanaren akordua". Arakatzen hasi zen, Txomin Peillenek argitaratutako Miranderen idazlan hautatuak eta "hainbat ikerlariren lanak" kontsultatu zituen, eta baieztatu zuen euskaratutako idazlearen lanak gutxi zirela. "Peillenen hitzetan bi lan besterik ez zeuden itzuliak. Horiek horrela, Miranderen zenbat lan falta zitzaizkigun ezagutzeko eta zer egongo zen horietan?" .

Hala bada, lanari ekin zioten. Testuen bilaketa izan zen lehen pausoa, itzulpenei ekin zieten ostean, eta behin testuen azterketa ere bukatuta, argitaratu egin dituzte. "Euskaraz sekula argitaratu gabeko testu guzti hauek etxetik atera gabe, frantsesez jakin gabe (mea maxima culpa!) eta apenas dirurik gastatu gabe eskuratu eta euskaratu ditugu", azpimarratu du Sotok. Bi urteko prozesuaren emaitza da Donostian aurkeztu berri dutena.

Hautatu dituzten Miranderen testuen artean, poemak, artikuluak zein gutunak aurkitu ahalko ditu irakurleak. Aurretik inoiz euskaraz argitaratu gabeak dira ia guztiak, bakarra izanik aurretik ere euskaraz argitaratua: Nire sinestea. Akats esanguratsu parea zituenez –izenburutik hasita, Gure sinestea bezala itzulia baitzegoen– berriz euskaratzea erabaki dute Deabruaren Eskolako kideek. Nire sinestearekin batera, ondoko testuak dira argitaratutakoak: Eusko testigantza, Er devobis anmarvolobis…, Dogma berriak, SS haiek noiz itzuliko, Begiratu bat Francoren Espainiari, Iudaica: Saul Tchernikhovskiren olerki bat dela eta, Ben Gurion jauna nazional-sozialista da, ala?, Gure printzesa ttipi beltzari, eta Telesforo Monzoni idatzitako bost gutun. Euskarazko bertsioarekin batera, testu guztiak jatorrizko bretoierazko bertsioarekin eta zubi gisa erabili den frantsesezko bertsioarekin argitaratu dituzte, baita Sotok bakoitzari buruz idatzi duen azterketarekin ere.

Proiektuaren aurrera eramateko hainbat pertsona aritu da lanean: Padrig an Habask, Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileak; Mikel Soto, Irati Jimenez, Esteban Montorio, Deabruaren eskolakideak; eta Urko Aiartza Olaso Dorrea Fundazioaren izenean.

Eztabaida iturri izan da Miranderen figura. Zentzu horretan, irakurketa egin du Sotok: "Gure literatura modernoan funtsezko leku bat baino, haren sortzean bertan dagoen egile fundamentaletako bati buruz hamarkadak daramatzagu eztabaidatzen –zentzuzko gauza askorekin batera– nazia ote zen, pedofiloa ote zen, putetan joaten ote zen, bere idatziak misoginoak ote diren, arrazista ote zen… oraindik ere bere obra guztia eskuartean ere izan gabe eta, antza denez, izateko inolako interesik gabe".