Max sarietan Tanttaka antzerki konpainia saritu dute Sexberdinak obragatik, eta Pascal Gaigne musikaria berriz, Kukai dantza taldearen Eta orain zer? ikuskizuneko konposizio onenarengatik.
Espainiako Aktore eta Editoreen Elkarteak arte eszenikoetako Max sariak banatu ditu astelehen gauean Cadizen (Andaluzia).
Mireia Gabilondok zuzendu eta Tanttaka konpainiarena den Sexberdinak obrak produkzio onenaren saria jaso du. Kepa Errastik eta Telmo Iruretak idatzi dute garun-paralisia duen kazetari eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzailearen istorioa. Beren bizipen afektibo sexualak azaltzen dituzte oholtza gainean, umorez eta minez tindatuta. Irureta bera du protagonista, Aitziber Garmendiarekin batera.
Musika konposizio onenaren saria irabazi du, bestalde, Pascal Gaigne musikariak, Kukai konpainiaren Eta orain zer? dantza ikuskizunean egindako lanagatik. Jon Maiarena da jatorrizko ideia, eta berak zuzendu du ikuskizuna. Soka dantzaren antzinako errituala irudikatzen da, unibertsala, gaur egun ere herrialde eta gizatalde askotako kultura tradizionalean oso presente dagoena. Komunitate bereko kideen arteko gizarte kohesioa, errespetua eta elkar ulertzea sinbolizatzen da dantzaren bitartez.
Euskal Herriko beste bi saritu
Bilboko Dramática Errante konpainiak, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sorturikoak saria eraman du Yerma lanarengatik, egokitzapen onena izan delako –Federico García Lorcarena da jatorrizkoa–. Horrez gain, Supernormales antzerki-obran, eszena zuzendaritzarik onena esleitu zaio Iñaki Rikarte gasteiztarrari.