argia.eus
INPRIMATU
Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa
  • 63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 23a
Besteak beste, Jon Irazabal Agirrek 1936ko gerran gertatutakoa azaleratzen eta euskal folklorean lan egin du. Argazkia: Gerediaga Elkartea

Ostegunean, abuztuaren 22an, Jon Irazabal Agirre zendu da Galdakao-Usansolo ospitalean. Eskualdearen historiari buruz lan ugari egindakoa, Durangoko Azokaren zuzendaria izan zen 30 urtez, eta Gerediaga Elkarteko kudeatzailea 1982tik 2018ra. 17 urte zituenetik aipaturiko elkartearen kide izan zen, eta bertatik adierazi dute “Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko erreferentzia nagusietako bat" izan dela Irazabal. Astola ikerketa eta historia aldizkaria sortu zuen Irazabalek, eta artikulu asko idatzi zituen bertan.

Nahiz eta historia ikasketak ez zituen egin, “bere kezkei eta borrokari esker” Durangaldeko eskualdeak bere historiari buruz jakiteko ekarpen handia egin duela adierazi du Gerediaga Elkarteak: “Gaztetatik erakutsi du bere inguruko jatorria, historia eta bizitza ezagutzeko grina (Durangoko Merindadea, berak 'Durangerria' deitzen zuen lurraldea)”. Ikerketa-ildo askotan lan egin duela adierazi dute, nagusiki 1937ko Durangoko Bonbardaketan. Liburu bat idatzi zuen gai horri buruz: Durango 1937 martxoak 31, bonbardaketa.

1936ko gerran gertatutakoa azaleratzeko lan egin du, baita Durangoko Merindadearen jatorria zabaltzeko, eskualdeko historian garrantzitsuak izan diren pertsonei izena jartzeko, eta galdutako ohitura asko berreskuratzeko, Gerediaga Elkarteak jaso duenez. 1936ko gerraz gain, euskal folklorean ere lan egin du: “Urte askotan Durangaldeko Ezpatadantzarien Eguna antolatu eta sustatu zuen. Dantzari-Dantza eta Gorularien-Dantzak ezagutarazteko ere lan handia egin zuen”. Hori dela eta, besteak beste Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak 2019an Dantza Tradizionalaren Esker Onak saria eman zion, eta 2015eko Durangaldeko Ezpatadantzarien Egunean omenaldia egin zioten.

Durangoko Azokaz hizketan

Iurretarrak ARGIArekin izandako elkarrizketetan Durangoko Azokak duen garrantzia azpimarratu zuen, nola euskaldunentzat Durango “egun batzuetarako lurraren zilborra” bihurtzen den eta “utzi ezinezko zita bihurtu” den.

Kritikoa ere izan da Irazabal. Berrian emandako elkarrizketa batean herri mailako ikerketa ez dela “nahikoa” bultzatzen adierazi zuen, eta nabarmendu zuen zaletasuna duten pertsonen lanak plazaratzeko garrantzia, “jendeak jakiteko gogoa” duela argudiatuz. Irazabalek ARGIAn adierazi zuen nola Durangoko Azoka euskarazkoa izan zen 1986tik 1988ra arteko udaberrietan, eta nola “bakarrik geratu” ziren, herrian ez zela “landare hura loratu".