argia.eus
INPRIMATU
Jon Harluxet, Duzunaritzeko laboraria: “Duela 50 urte, etxalde bezainbat hazi mota bazen”
  • Jon Harluxetek Duzunaritzeko bere etxaldean nagusiki euskal arto gorria ereiten du. Lekuko arraza eta barietateen garrantziaz mintzatu zaio Laborari astekariari.

Laborari 2014ko urriaren 24a
Gure eskualdea eta laborantxa ttipiak ateratu nahi badira, ekoizpena desberdindu behar da. (Bio Aquitaine)

Biodibertsitatea ttipitzen ari dela, zoin dira arrazoinak, noren falta da?

Biodibertsitatearen berreskuratzeko interesa zoin den erranez ihardetsiko dut. Biodibertsitatearen begiratzea eta baliatzea beharrezkoa da beste laborantxa modelo batetarat joaiteko. Nahi bada tokiko laborantxa herrikoia egin, hots bere inguramena eta bere ekosistemak baliatzen dituena, tokiari egokia zaion genetika ukaitea beharrezkoa da. Toki guziak desberdinak direnez, toki bakotxari egokia den genetika atxeman behar da. Laborantxa herrikoia egin nahi bada, ezinbestekoa da bioaniztasunaren lantzea.

Azken urteetan, laborantxa mota batek desagertarazi ditu ainitz kabale eta landare mota...

Azken hamarkadetan bai... kabaletan landaretan bezala. Hazien kondua hartzen bada, nork kontrolatzen du egun hauen iturria? Katalogo batean hautatzen dira bainan ez da gehiago aniztasunik. Izugarria da galdu dena. Sagarretan hasi da lan bat hemen, baratzezainek hasia dute ere, bainan 50 urtez ainitz galdu da. Duela 50 urte, toki bakotxak bazituen bere haziak gai guzietan, etxalde bezain bat mota bazen denendako. Bioaniztasuna, genetika, beste batzuri utzi ditugu. Laborantxaren garapenaren ondorioa da, produktibismoaren ondorioa. Logika industrialean, dena zatitzen da, hazi egilea alde batetik, esne egilea bestetik, transformatzailea bestalde, etab.

Etxe haziak lantzen dituzue. Ohartzen zirezte alorrean desberdinak direla, hobeki ihardokitzen dutela?

Beren abantailak eta beren mugak badituzte. Abantail argia da hazirik ez dela erosten gehiago. Ekonomikoki ez da guti. Ni ohartu niz tokiko arto gorriak baduela gustu hobea. Ez da harrigarri, betidanik jendek jaten zuten hemen eta selekzioa gustuaren gainean egin dute ere, ez dute gustu txarrekoa atxiki. Alde ezezkorra da 50 urtez ez dela selekzionerik egin arto mota hortan eta ez dela egokitu gaurko beharreri. Lehen, ostoak kentzen zituzten eta gero zangoko gaineko partea mozten zuten, eskuz, behieri emaiteko, ondorioz haizeak makur gutiago egiten zuen nahiz artoa haundia izan.

Gaurregun, ez niz ari osto eta gaineko buruen kentzen. Beraz haizearengatik beranta hartzen dugu, artoak ez du aski ihardokitzen. Jakin behar da ere 50 urtez lan haundia egin dutela hazi egileek Ameriketan, obsesioa bezala, errendamenduaz eta haizeari ihardokitzeaz. Ahal guziak hortan sartu dituzte. Hortan gibelatuago gira, galtze pixka bat bada biltzean, alorraren itxura ez da beti ederra.

Amalur proietuak euskal laborarieri bide hortarik joaiteko gogoa sortu behar luke?

Alabainan hori nahi ginuke. Zer nahi desmartxa bada gaurregun tokiko ekoizpen eta tokiko laborantxari buruz bainan sentsu hortarat joaiteko tokiko genetika landu behar da, tokiko errealitatean. Sail guzietan. Ekonomikoki ere, gure eskualdea eta laborantxa ttipiak ateratu nahi badira, balioa eman behar zaio ekoizpenari, hots ekoizpena desberdindu behar da. Ipar orratz horren hartzeko, bioaniztasuna landu behar da.