argia.eus
INPRIMATU
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak
  • Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.

Leire Ibar 2024ko urriaren 09a
Bilboko Bidebarrieta liburutegian, Ibone Bengoetxea saridunekin Eusko Jaurlaritza

Gerediagak Zeru-lurren liburua lanagatik irabazi du Euskarazko Literatura saria, Canok Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez lanarengatik Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria, eta De las Herasek Campos de Castilla lanarengatik Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitatea. 

Euskarazko Literatura sariko epaimahaiak, Jon Gerediagaren Zeru-lurren liburua obra "naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetiko" gisa definitu du. Poesia "landua eta delikatua" dela adierazi du.

Harkaitz Canok bere laugarren Euskadi Literatura saria irabazi du Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburuari esker. Epaimahaiak nabarmendu du liburuak "liburutegiei omenaldia" egiten diela, eta gai unibertsalak jorratzen dituela bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, hala nola, heriotza, maitasuna eta senitartekoen harremanak.

David de las Heras, saritu du epaimahaiak Antonio Machado poeta espainiar ospetsuaren Campos de Castilla liburua ilustratzeko egindako lanagatik. "Lan borobila" dela adierazi du, teknika eta forma guztiak “maisuki” erabiltzen dituelako. Machadoren lanaren interpretazio "ausarta" dela azpimarratu du epaimahaiak, ilustrazioa poesia bihurtzea lortu duelako. 

Merezimendua

Saridunek 18.000 euroko ordainsaria izango dute, eta horrez gain, beren obra beste hizkuntza batean argitaratuz gero, 4.000 euro gehigarri lortu ahal izango dituzte. Guztira, zazpi Euskadi sari banatzen dituzte urtero, datorren astean iragarriko dira faltan diren lau modalitateetako irabazleak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz. Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 21ean egingo da Gasteizko Artium museoan.