argia.eus
INPRIMATU
Jon Enparantza Estremerako espetxera mugitu dute, lau egunetan senideei ezer esan gabe
  • Enparantza ostiralean atera zuten Zaballako espetxetik, eta senideek ez zuten bere berririk izan astelehen arratsaldera arte. Antiguan Enparantzaren egoera eta urruntze politika salatzeko elkarretaratzea egin dute.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2019ko urriaren 29a
(Argazkia: Sare)

Enparantzak astelehen arratsaldean kartzelatik eginiko dei batekin jaso zuen familiak albistea: Espainiako Espetxeetako Erakundeak Estremerako espetxera (Madril) mugitu du Antiguako presoa, etxetik 500 kilometrora. Ostiralean atera zuten Zaballako espetxetik (Gasteiz), eta geroztik, bere abokatuak eta senideek hainbat aldiz deitu zuten kartzelara informazio eskean, inolako berririk jaso gabe.

Enparatzaren kasua eta Espainiako Gobernuaren urrunketa politika salatzeko asmoz, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten astelehenean Antiguako Gaskonia plazan, Urrunketa politikarekin amaitu, Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean.

Senideek jasan dutena “jasangaitza” eta krudela” izan dela azaldu du Maider Alustizak, Enparantzaren bikotekideak. Salatu duenez, ordea, gertatutakoa ez da gauza berria, euskal presoak espetxe batetik bestera mugitzerakoan “sistematikoki” jarraitzen den prozedura bat dela salatu du: “Guk, familia bezala, hainbat alditan pairatu dugu hau, urteetan zehar milaka familiek pairatu duten modura”. 

Gainera, Alustizak nabarmendu duenez, lekualdaketaren ondorioz, Enparantzaren amak bere bisita galdu du, eta hemendik aurrera senideek askoz kilometro gehiago egin beharko dituzte presoa ikustera joateko, horrek dakartzan arrisku eta gastuekin.