Asteazken honetan bete dira hamar urte Jon Anzaren gorpua agertu zenetik. 2009ko apiriletik desagertuta zegoen eta gorputegi batean azaldu zen hilotza, Okzitaniako Tolosoan. Haren familiak garbi dauka: “gerra zikina”-ren biktima izan zen Anza. Argitu gabeko heriotza izaten jarraitzen du.
Berria-k elkarrizketa egin dio Anzaren iloba Garbiñe Alkizari. Honek gogora ekarri duenez, 2010eko martxoaren 11n osabaren gorpua agertu zen arte hamar hilabetez desagertuta egon zen. 2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz, Tolosara (Okzitania) joateko trena hartu zuenean, Baionan. “Nik neuk handik egun batzuetara jakin nuen ez zegoela haren berririk. Buruan tumore bat zuen, eta larritzat jo genuen ez bueltatzea. Minbizia zela eta, Bordeleko erietxe batean ordua hartua zeukan apirilaren 24rako, baina hara ere ez zen joan”, esplikatu du Alkizak.
Hasieratik susmatu zuten “gerra zikina” zela desagertzearen kausa, antzeko kasu asko ezagutzen zituztelako.
Anza desagertu eta hilabetera, maiatzaren 21ean, ETAk agiri bat argitaratu zuen jakinaraziz Tolosan hitzordua egina zuela Anzarekin. Informazio horrek kasuari “buelta eman” ziola esplikatu du Alkizak Berria-n: “Ordura arte, pentsatzen zen Frantziako Polizia bilatze lanetan zebilela, baina, ETAk agiria atera zuenetik aurrera, galderak, desagerpenaz baino gehiago, haren militantziaz ziren; bikotekidea galdekatu zuten, etxea miatu, etxeko gauzak eraman zituzten...”.
Kasuari buruzko informazio gehiago argitaratu ziren segidan, adibidez, guardia zibil batzuek korrika alde egin zutela Frantziako ostatu batetik, pistola batzuk ahaztuta utzita. Anzaren pasaportea ere Tolosan agertu zen, komisaria batean, eta horrek familiaren ezinegona areagotu besterik ez zuen egin. Bahitu ote zuten hasi ziren argitaratzen medio batzuk, galderak biderkatu egin ziren.
Gorpua agertu zenean hasi ziren horietako batzuk erantzun ofiziala edukitzen, baina azalpen horiek ez dute inoiz Anzaren familia konbentzitu, ezta euskal herritar asko ere: “Aipatu zen apirilaren 29an Tolosako etorbide batean aurkitu zutela, oso egoera txarrean, hiriko erietxe batera eraman zutela, eta handik egun batzuetara hil zela. Baina guk 2010eko martxoaren 11n jakin genuen haren hilotza Tolosako gorputegi batean zegoela. Poliziak lehenago jakinarazi zien hedabideei familiari baino; hori ere ez zen batere normala izan”, azaldu du Alkizak Berria-n.
Anzaren senidearen iritziz bi gako daude auzi honetan: batetik, zer gertatu zen Anza desagertu zenetik Tolosako etorbide hartan agertu bitartean igaro ziren hamaika egunetan –non egon zen, nork eduki zuen han, zer egin zioten...–; eta bestetik, erietxean hilzorian zegoenean ez zutela identifikatu dokumenturik ez zeukanez, ezta hil ostean ere: “Baina zergatik ez ziren berehala hasi ikertzen zein zen jakiteko? 2010eko apirilean, Purpan gorputegiko langile batek galdetu zuenean ea norena zen hilotza, segituan identifikatu zuten”, azaldu du Alkizak. “Esaten da hilotz bat ez dela egoten hainbeste hilabetean identifikatu gabe gorputegi batean. Jonena eduki zuten”.
Frantziako Estatuan kasua ikertzen hasi ziren arren, bide hori ez da oso emankorra izan, senideen ustez estatuek auzia ez argitzeko presionatu dutelako. Gaur egun bide judiziala itxita dago, duela hiru urtetik eta etsipena sumatzen da Alkizaren hitzetan: “Nik garbi daukat ez dela argituko, ez dela egia jakingo”, adierazi dio Berria-ri. “Guk ez dugu egiarik, justiziarik eta erreparaziorik, baina memoria bai, memoria badugu. Indarkeriaren biktima askok badituzte egia eta, baina guk geuk ez, eta beste askok ere ez. Alde bateko biktimak baztertuta gaude; biktima guztiak ez dira berdin tratatzen. Nabarmena da hori”.