argia.eus
INPRIMATU
Jon Anzaren familiak salatu du ez dela desagertzea argitzeko borondaterik
  • Jon Anzaren familiaren abokatuak, Maritxu Paulus-Basurtok, fiskaltzak auzia amaitutzat jotzeko eskaera egingo duen filtrazioaren harira, Frantziako agintariek ETAko militantearen desagertzea eta heriotza argitu nahi ez dutela salatu du.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 07a
Jon Anzaren heriotzaren kasua argitu gabe itxi liteke.

2012ko urrian Myriam Viargues epaileak ikerketa itxi zuen, Jon Anza modu naturalean hil zela eta desagertua egon zen denboran zer gertatu zitzaion jakitea ezinezkoa zela argudiatuz. Orduan, defentsari eta fiskalari hiru hilabeteko epea eman zien beren iritzia plazaratzeko.

Vocento taldeko egunkarien paperezko edizioetan azaldutako filtrazioak dioenez, fiskalak epailearen ondorioa bere egin du eta auzia amaitutzat jotzeko eskatu du.

Familiaren abokatuak agiri bat zabaldu du albiste hori salatuz. Bere ustez, Frantziako agintariek ez dute desagertzea argitzeko borondaterik eta defentsak egindako galderei erantzun gabe artxibatu nahi dute afera.

Halaber, epailearen bertsioa sostengatzeko inolako elementurik ez dagoela adierazi du. Ez dute ulertzen gorpuak Okzitaniako Tolosako morguean 10 hilabetez identifikatu gabe egotea, are gehiago, familiak han bilatzeko eskatu zuenean.