argia.eus
INPRIMATU
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute
  • Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren hurbilekoek eta horien abokatuek, Urruñan egindako prentsaurrekoan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko apirilaren 18a
Jon Anzaren desagerpenaz geroztik hamabost urte pasa direla, prentsaurrekoa.

Hamabost urte bete dira apirilaren 18 honetan Jon Anza euskal militantea desagertu zenetik. Garaian bezala, orduz geroztik ere desagerpen horri buruzko ezjakintasuna eta isiltasuna dira nagusi. Egoera salatzeko prentsaurrekoa antolatu dute militante zenaren hurbilekoek Urruñan: "Aldarrikatu nahi dugu egia jakiteko dugun eskubidea. Bere garaian bezala, Joni gertaturikoaz Espainiako zein Frantziako arduradun politiko eta judizialek asmaturiko bertsioa ez dugu sinesten. Hamabost urte geroago, orduko galdera berberek erantzunik gabe segitzen baitute". Alta, Espainiako zein Frantziako Estatuek erantzunak badituztenaren segurtamena berretsi dute prentsaurrekoan.

2011ko urriaren 17an buruturiko Aieteko Konferentziaz geroztik irekitako aro politiko berria dela eta, "bere ardurak hartzera" deitu dute Frantziako Gobernua: "Bere esku dagoena egin behar du Jonekin gertatu zena argitzeko eta gatazka politikoan dituen inplikazioak aitortzeko". Bake prozesuak aitzina egiteko bidean biktima orok ditu egia, aitortza eta erreparazioa jaso behar, eta hori eskatu diete berriz ere Frantziako zein Espainiako Estatuei.

Urruñako auzapen Filipe Aramendi ere egon da prentsaurrekoan, garaian bertan bizi zelako Anza zena. Anzaren gisara, desagerturiko beste militante batzuk izan ditu gogoan –Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jose Migel Etxeberria Naparra edo Jean-Louis Larre Popo "eta beste hainbeste"–: "Desagerpen horien inguruan zer gertatu den jakiteko galdeari, beti erantzunik gabe gara".

Senideei "babesik sentikorrenak" adierazi dizkiete prentsaurrekotik: "Badakigulako hamabost urte horietan egiaren bila segitzen dutela oraindik eta zer sufrimendu ekartzen duen horrek".