argia.eus
INPRIMATU
Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko
  • Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango dituzte hiru ikastetxetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko uztailaren 02a
Ikastetxeetako kanpo-espazioak berdetzeko proiektuak ugaritu egin dira azken urteotan. Argazkia: Ermitaberriip

“Aparkalekuen gisan eraikiak, espazio hauek ez diote erantzuten ez haurren beharrei, ezta arazo klimatikoei ere”, dio Leire Arbelbide paisajistak, Souduest egunkarian. Asfaltozko lurra berotu egiten da eta ke toxikoak askatzen ditu, eta horren ordez, ikastetxeetako patioen zorua inpermeabilizatu eta berdetzea, uraren gestioa hobetzea eta espazio bioanitzagoak lortzea du helburu proiektuak, besteak beste, klima aldaketara egokitzeko. “Espazio hauek birpentsatzeak, gainera, ekarriko du haurrek naturaren kontzientzia hartzea eta patio horietan sormena eta bestelako trebeziak egokiago garatu ahal izatea”, iritzi dio Arbelbidek.

Pirinio Atlantikoetan, Arkitektura, Hirigintza eta Ingurumen Kontseiluak gidatuko du proiektua, hezkuntza komunitateko ordezkari guztiak inplikatuko ditu (irakasleak, gurasoak eta udala tarteko) eta Bearnoko eta Euskal Herriko hamar herrik hartuko dute parte. Euskal Herrian, Hazparne, Mugerre, Kanbo eta Ziburuk. Udalerriek guztira 50.000 euroko inbertsioa egingo dute horretarako, proiektua zeinek egin datorren irailean aukeratuko dute eta obrak 2025eko urrirako bukatzea aurreikusten dute. Eskolako espazioen kudeaketan inflexio puntua izango dela eta beste herri batzuentzako eredu izan daitekeela uste dute bultzatzaileek.

Amaiur, Iturrama eta San Jorgen ere, "bero irlak" gainditzea helburu

Ikastetxeetako patioak eraldatzeko han-hemenka sortzen ari diren ekimenak ez dira gutxi. Eta Ipar Euskal Herriko ekimenean bezala, ikuspegi klimatikoari garrantzia ematen dion Lizarrako kasua kontatu genuen ARGIAn, esaterako: asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu zuten. Bada, ildo berean proiektua iragarri du Iruñeko Udalak: hiriburuko Amaiur, Iturrama eta San Jorge ikastetxeetako patioak berdetuko dituzte. Oraingoan ere, haurren ongizateaz gain klima aldaketaren erronkei aurre egitea dute helburu: "bero irlak" gainditzea eta itzal eremuak eta landaredia areagotzea da asmoa. Abuztuan hasiko dituzte obrak eta guztira 440.000 euro inbertitzea aurreikusten du udalak.