Maiatzaren 12tik goiti ikastolak ireki behar ditugu. Seaskako kolegioetako zuzendarien gogoetarekin bat, guk lehen mailako irakasle eta laguntzaile gisa, gure gogoeta plazaratu nahi genuke.
Estatuak erabaki du eskolak irekitzea, baina, ez da prest ondorioak asumitzeko. Beraz, erantzukizuna zuzendari eta irakasleen gainera jaurti du. Eskolak ireki ahal izateko, irakasleon erantzukizuna izango da osasun protokoloaren ezarpena, estatuak eskuak garbitzen dituelarik. Protokoloaren zirriborroak 63 orrialde ditu, eta, jakina denez, hein honetako protokoloak ezartzeko urteak eta baliabideak behar izaten dira edozein lantegitan. Gure kasuan, aldiz, astebeteko epea ematen digute irakasle eta gurasoei, eta, kontuan hartu gabe osasun protokolo horren aplikazioan haurrak ere badirela; haien ongizate eta bizitzari zein langileon baldintzei eta segurtasunari inolako bermerik eman gabe.
Protokolotik ateratako zenbait adibide: Haurrek ezingo dituzte jostailuak, margoak edo liburuak partekatu, haien artean metro bateko distantzia bermatu behar da, ezin dute elkar ukitu eta ezin elkarrekin jolastu, baloiak edo bizikletak kendu behar ditugu, haurren arteko interakzioak ekidin... Ezin badute lagunekin jostatu, ezin badute harremandu, materiala kendua izan behar bada, espazioa mugatua… Zein baldintza pedagogiko eta humanotan egongo dira bi eta hamaika urte bitarteko haurrak?
Irakasleok ikasleen erdia ikastolan eta besteak etxean izanen ditugu, lan presentziala eta telelana, aldi berean egin beharko ditugu? Baina, horrez gain, eta nagusiki, beharko dugu segurtatu, bermatu, zaindu… haurrek metro bateko distantzia dutela haien artean, ez dutela objekturik trukatzen, elkar ukitzen, eskuak garbitzen dituztela protokoloak zehazten duen hamarnaka momentutan, espazioak eta objektuak desinfektatuak direla, bi komunetik bat ez dela erabiltzen, ikastolako sarreran ez direla gurasoak metatzen… Ondorioz, gure lana eskola magistralak ematea eta polizi lana egitea izanen da.
Protokoloa bermatzea ezinezkoa zaigu, baliabide material eta pertsonalak eskasak direlako. Baina, bertan zehaztuak diren zenbait eskakizun ezin ditugu onartu, Ikastola presondegi edo kuartel militarra bilakatuko litzatekeelako.
Ikastoletan, ikasle, familia, laguntzaile eta irakasleok bizitzaren parte bat elgarrekin bizi dugu, harremantzen gara, ikasten dugu, garatzen gara… eta jolasten gara… Jolasa eta harremanak debekatuak badira zertarako ikastolak irekirik?
Sinatzaileak: