argia.eus
INPRIMATU
Jokorako adikzioaren arriskuaz ohartarazi du EH Bilduk Legebiltzarrean
  • Jokoak sortzen duen menpekotasunaz azterlana egiteko eskatu du EH Bilduk, eta apustu-makinetan aplikatzea tabako-makinetan erabiltzen den sistema bera, "adingabeen kontsumoa eragozteko".

Jon Torner Zabala @jtorner 2018ko urriaren 10

EH Bilduk legez besteko bi proposamen aurkeztu ditu Legebiltzarrean, "apustu eta jokorako adikzioaren arazoari behar bezala heltzeko, benetan kezkagarria delako joko eta kirol apustuen fenomenoak azken urteotan izan duen hazkundea", Eba Blanco legebiltzarkideak adierazi duenez. Gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzaren adikzioei buruzko Inkestaren arabera, kirol apustuetan jokatzen duen herritarren ehunekoa zortzi bider handiagoa izan zela 2017an 2012an baino, eta gaur egun 10.500 lagun "arrisku egoeran" daudela, joko eta apustuekin duten harremana dela eta.

“Joko eta apustuen munduan sartzea gero eta errazagoa da, baita nerabe eta gazteentzat ere", nabarmendu du Blancok. "Horrek jokorako adikzioan erortzeko arriskua areagotzen du, eta arazoak duen tamainaren araberako erantzuna eskatzen du instituzioen aldetik”. Hain justu, arreta bereziki gazteengan jarrita aurkeztu ditu bi proposamenak EH Bilduk, "kirol apustuek eta on-line jokoek sekulako eragina dutelako haiengan".

Batetik, apustu-makinetan eta makina txanponjaleetan kontrol neurri zorrotzagoak jartzeko eskatu du. "Tabakoa erosteko makinetan erabiltzen den sistema bera aplikatzea planteatzen dugu; hau da, zerbitzariek aktibatu ditzatela bezeroek eskatuz gero. Horrela bermatuko genuke adingabeek ez dutela makina horietan jokatzen”.

Bestetik, Jaurlaritzari eskatu dio "adikzioa sortzeko arriskua" duten joko eta apustuei buruzko azterlana egin dezala sei hilabeteko epean. "Lan horrek aztertu beharko luke jokoaren fenomenoak azken hamar urteotan izan duen bilakaera eta jendearengan, bereziki adingabeengan, duen eragina. Azterketa horren emaitzak ikusita, Lakuak neurri zuzentzaileak txertatu beharko lituzke Adikzioen Planean. Halaber, ikastetxe eta unibertsitateetan kontzientziazio kanpaina egitea ere eskatzen diogu, joko eta apustuen munduak dituen arriskuei buruz”.