Ausazko joko eta kirol-apustuen publizitatea geroz eta mugatuagoa dagoenean, on-line jokoaren kontsumoak gora egin du alarma-egoerak baldintzatutako hilabeteotan.
Espainiako Gobernuak asteartean, hilak 3, onartu du ausazko jokoaren publizitatea eta on-line apustuak arautzen dituen errege dekretua. Hala, telebista, webgune edota irratiek soilik goizeko 1:00 eta 5:00ak bitartean emititu ahal izango dituzte joko-operadoreen iragarkiak. Gainera, iragarkiotan ezin izango da azaldu pertsona ezagunik, telebista aurkezle eta kirolariak, esaterako. Bestalde, enpresek ez dute bezero berriak erakartzeko ongietorri-bonoak eskaintzerik izango. Kontsumo Ministerioaren hitzetan, helburua da sektore zaurgarrienak babestea, adin txikikoak, gazteak eta menpekotasunak dituzten herritarrak.
Nabarmentzekoa da dekretuak kirolaren munduan izango duen eragina, futbolean eta saskibaloian bereziki, jokalarien kamiseta edota estadioetako euskarrietatik desagertu egin beharko direlako joko-operadoreen izenak, zeintzuk talde profesional askoren babesle nagusiak diren. Behin BOE buletin ofizialean argitaratu ostean, ezingo dira sinatu dekretuak jasotzen dituen neurriekin bat ez datozen kontratuak. Indarrean diren kontratuak 2021eko abuztuan eten beharko dira.
Pokerraren eta kasino-jokoen hazkundea
Duela hilabete, jokoaren inguruan egindako agerraldian, Alberto Garzón ministroak azaldu zuen alarma-egoeran joko eta apustu kopuruak gora egin duela, eta eragina handiagoa dela auzo pobreenetan: "Zonalde batzuetan errazagoa da egoera ekonomikoa txarra baldin bada, egun batetik bestera egoera konpon daitekeenaren mezua txertatzea".
Ludopatia Online webgunean, Espainiako Estatuan jokoak izan duen igoerari heldu diote, Joko Antolaketarako zuzendaritza Nagusiaren 2020ko bigarren hiruhilekoari dagokion txostenari tiraka, azpimarratu ostean konfinamenduak ekarri dituen antsietate egoerengatik, arrisku handiagoa dagoela herritarrak jokoaren edota beste edozein substantzia/produkturen menpe erortzeko.
Datuei dagokienez, badira bi gauza nabarmendu beharrekoak. Batetik, taberna eta joko-aretoak itxita egon direnez, joko presentziala gutxitu egin da. eta on-line jokoa aldiz hazi. Bestetik, kirol txapelketa batzuk bertan behera geratu direnez, kirol-apustuen kopurua ere izugarri jaitsi zen aipatu epean. Ordainetan, gora egin dute pokerrak, erruletak eta kasino jokoek.
On-line jokoaren kasuan, operadoreek 208 milioi euro gordin (GGR) –jokalariei ordaindu beharrekoa eta ongietorri-bonoak aintzat hartuta– irabazi zuten hiru hilabetean, 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta %17,71 gehiago.