argia.eus
INPRIMATU
Joko eta apustuen publizitatea debekatzea onartu du EITBk
  • "Helburua da jokoak eta apustuek sor ditzaketen adikzio arazo larrietatik pertsona ahulenak babestea", azaldu du EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek, Administrazio Kontseiluaren batzarrean. "Hartara, eta salbuespen jakin batzuekin, jokoarekin zerikusia duten publizitate eta promozio-jardunak eta emisioak debekatu nahi ditugu".

     

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 02a

Salbuespen horiek dira Espainiako Estatuko Administrazioaren eta ONCEren eskumenekoak diren loteria eta apustua, baita eskubideak eskuratzeko eta hedatze seinalea ekoizteko ezinbestekoak diren publizitate estatiko eta promozioak ere.

EITBk jakinarazi duenez, ez du onartuko bere hedabideetan (irratian, telebistan eta Interneten) jokoarekin erlazionatutako inolako publizitate edo promozio ekintzarik, ezta marka edo ekitaldien publizitate korporatiboa ere, "baldin eta hura gauzatzen duten enpresen jarduera nagusia jokoa baldin bada".

Halaber, "ETBk emititutako euskal pilota partidetan jasotako publizitate estatikoaren kasuan, EiTBk entitate eskudunekin negoziatu beharko du, jokoarekin zerikusia duen publizitate estatikoa murriztu edo ezabatzeko helburuarekin".

Indarrean diren publizitate-akordioei eutsi egingo zaie, gehienez ere 2019ko abenduaren 31ra arte.