argia.eus
INPRIMATU
Joko arriskutsua hasi du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak
  • Harriduraz irakurri genuen ARGIAk publikaturiko “Irregulartasunak Lanbide Heziketaren finantziazioan?” artikulua. Baina zur eta lur geratu ginen artikuluan aipatzen zen jarraibidea, Lanbide Heziketako ikastetxeetara bidaltzen zena, eskuratu genuenean. Sinestezina Administrazio Publikoan diharduen arduradun batek gisa horretako jarraibide bat idaztea. Edo baliteke Lanbide Heziketan orain arte hori oso jarduera normalizatua eta barneratua izatea, kontziente izan gabe Administrazio Publikoan diru publikoa tartean dagoenean jarraitu beharreko betekizunez eta deialdi publiko eta programak garatzeko araudi zehatzez, lehen Lanbide Heziketako Zuzendaritzan eta orain Sailburuordetzan bertso librean aritzeko inertziak bultzatuta, agian. Baina, bitxia jarraibidea.

Rebeka Ubera 2019ko apirilaren 10a

Argibideak eskatzeari ekin genionean, lehen erantzunak jasotzean eta ikustean Lehendakariak gaia zuzenean Hezkuntza Sailera eta, zehatzago, LHko Sailburuordetzara igortzen zuela eta, are gehiago, Sailburuordetzaren erantzunez Lehendakariak ezer ez dakiela eta ardura bere egiten zuela… Ezer argitu ez, eta justifikatu eta gaia araudi orokorrean lausotzearekin batera euren erantzunetan… berehala ulertu genuen ARGIA zuzen ari zela bere artikuluan. Hala berretsi dugu Legebiltzarrean ikusi dugunean apirilaren 10erako deitua zegoen Hezkuntza Sailburu eta Sailburuordearen agerraldia atzeratu dutela agenda arazoak direla eta. Bitxia hain justu egun berean Sailburua beste gai bat azaltzera datorrenean. Agenda arazoak noiz arte luzatuko dira? Maiatzeko hauteskunde ostera arte? Edota gaia konpontzeko, jarraibidea aldatu, TKgune programaren dekretua onartu eta “ikastetxe eta enpresen saretzea” deritzoten konpetentzia desleiala, egiazko elkarlana, prestakuntza eta saretze bilakatzeko etxea ordenatzen duten arte? Horrela bada, gaitzerdi.

Baina galdera nagusia da: eredu hau legeztatu behar da? Alegia, ikastetxea eta enpresa saretzean, ikastetxeak zerbitzuak eskaini eta enpresek fakturak ordaintzean oinarritzen bada, programa honek edo ezohiko finantziazio honek legeztatzeko aukera izan behar du? Hala bada, ikastetxeek jarduera ekonomikoen zergan alta eman beharko dute. Ematen duten Lanbide Heziketa familia bakoitzeko jarduera ekonomikoen zergan alta bat eman beharko dute? Eskaintzen dituzten zerbitzuei BEZa aplikatu behar bazaie, nola kobratuko dute eta nola aitortuko dute? Nola ekidin da orain arte BEZa ez kobratzea? Erakundeetatik iruzur fiskala bideratu eta legeztatu daiteke?

LHko Sailburuordetzatik bidalitako erantzunetan, hainbat lege eta dekretu orokorreko artikuluekin legebiltzarkideak nahasten saiatzen diren arren, behin artikulu horiek irakurrita, agerian geratzen da programa zehatz honen araudi falta. Bestalde, Administrazio Publikoan ohikoa da programa laguntza desberdinetara sarbidea izateko deialdi bidez egitea, bai behintzat Hezkuntza Saileko gainerako etapetan.

Ohiko finantzazioaz gain, ikastetxeak programa eta laguntza desberdinetara sarbidea izateko deialdietara aurkeztu behar izaten dira. TKguneren programan ez! Ez ikastetxeak, ez eta enpresak ere. Hemen ez dakit nork erabakitako enpresen zerrenda bat pasatzen zaie ikastetxeei. Eta zein da irizpidea? Zeren arabera enpresa batzuk bai eta ez besteak? Nahiz eta ikastetxeei, hala erabakiz gero, beste enpresa batzuetara joateko atea irekitzen zaien, baina finantzazio gehigarririk gabe. Bisitengatik, proiektuengatik eta zerbitzuengatik diru gehigarria. Helburua: lau bisitako proiektu bat eta bost proiektuko zerbitzu bat. Irakasleak komertzial lanetan. Eta guzti honi saretzea, elkarlana, berrikuntzaren transferentzia deitu zaio. Hau al da eta modu honetan izan behar al da LHko ikastetxeetatik enpresekin landu beharreko elkarlana, saretzea? Honi ez al zaio konpetentzia desleiala deitzen? Hau ez al litzateke LHko ikastetxeetatik ateratzen diren ikasleei lana kentzea, merke-merke?

Larria da baita ere jarraibidean ageri diren hainbat baieztapen. Adibidez: “Bisitak eta proiektuen definizioa finantzatuta daudela aipatzea ekidin behar dugu”. Enpresa txikiak engainatu nahi dituzte ala?

Baina, nola erabiltzen da guztion diru publikoa? Jarraibidean zehazten da Lehendakaritzako %25eko laguntza baliatzeko, enpresari zerbitzuaren %100eko balioarekin aurkeztuko zaiola faktura eta bertan adieraziko zaiola %25eko laguntza aplikatuko zaiola. Fakturak prestakuntza eta aholkularitza kontzeptuan, eta ez berrikuntza kontzeptuan. Eta nola fakturatzen da ikastetxe integratuetan? Bestelako ikastetxeetan? Hau guztia irakurri nuenean, ulertu nuen orain dela pare bat urte ikastetxe integratuak bilakatzeko zegoen presa, NIF zenbaki propioak izateko. Baina beste ikastetxe ereduek Jaurlaritzako NIFa dute, edo? Ikastetxeak Fundazioak sortzen ari dira. Baina orduan Sailburuordetzatik zenbat Fundazio sustatu behar dira, hainbat ikastetxe hainbat fundazio, horrela bideratuko da eta hori izango da lege zirrikitua?

Erpin anitzak dituen “joko” arriskutsua hasi du LHko Sailburuordetzak, alde batetik, berrikuntza eta saretzearen izenean ikastetxe eta irakasleen funtzioak eraldatuz irakasleei komertzial funtzioak emateraino. Uler genezake LHko ikastetxeek eta gainerako etapetakoek ezin dutela berdin funtzionatu, baina ez molde hauetan.

Bukatzeko, LHko Sailburuordetza bikain ari da Euskal Herri mailan, baita nazioartean ere, Lanbide Heziketaz herritarrok izatea nahi duen imaginario kolektiboa lantzen. Ongi saltzen du ideia. Orain egindakoaren ardurak bere egiteaz gain, ideiatik haratago herritarron artean hain ezezaguna den Lanbide Heziketaren kudeaketa ordenatu eta zuzendu beharko luke Gobernuak; eta ez digu balio orain arte marko juridikorik izan ez duenaren aitzakia. Hasteko, ardura publikoek diru publikoaren kudeaketa zuzena eskatzen dutelako.