argia.eus
INPRIMATU
Joko aretoak irekitzeko baimenik ez du emango Eusko Jaurlaritzak
  • Gazteen artean jokorako zaletasuna ugaritzen ari delako kezkaturik, Jokoaren Araudi Orokorreko plangintza berraztertuko du Eusko Jaurlaritzak. Arau berria iritsi bitartean, ez dute joko areto berriak irekitzeko baimenik emango.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 14a

Behin-behineko neurria bederatzi hilabetera arte luzatu daiteke eta ez du eraginik izango emanda dauden baimenen gainean. Gazteen artean areagotzen ari den zaletasuna arazo bihurtu dela eta areto berriak irekitzeko prozedurak berrikustea ezinbestekoa dela nabarmendu du Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak. Jokoak sorturiko menpekotasun arazoak saihestea helburu dutela gaineratu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.

Bai Nafarroako Gobernuak, bai Iruñeko Udalak, antzeko neurriak hartu zituzten iaz: ez dute aretoak irekitzeko baimen berririk emango, behin-behinean.

Mugimendu herritarra

Apustu etxeen aurkako mugimendu herritarrak gogor salatu ditu areto hauek, azken boladan. Gasteizko Judimendik Joko Aretoari Ez plataformak, Azpeitiko Elkar-Ekin taldeak edota Iruñeko Txantreako bizilagunek hilabeteak daramatzate joko aretoen aurka borrokan.