Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.
Urrian iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa “gogortuko” zuela, “egungo egoerara egokitzeko” eta joko patologikoari “aurre hartzeko”. Jada indarrean dira neurriok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, otsailaren 15ean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Araudi berriaren xedea da batik bat adin txikikoak eta talde zaurgarriak “babestea”.
Hasteko, joko-aretoen arteko nahitaezko gutxieneko distantzia 500 metrokoa izango da; orain arte 150 eta 600 metro inguruko tartea zegoen baimenduta, lokal motaren arabera. Halaber, ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora. Gaur egun ez dago gutxieneko distantziarik lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeekiko.
Gainera, apustu eta joko etxe kopurua murriztu dute: EAEn gehienez egongo dira hiru kasino (lurralde historiko bakoitzeko bat, eta lizentzia lehiaketa bidez emango da), hipodromo bat, hamalau bingo, 60 apustu-etxe (orain gehienez 75 ireki daitezke, 2007an lizentzia lortu zuten hiru enpresetako bakoitzak 25), eta 170 joko-areto (une hauetan 209 daude). Beraz, batzuek ateak itxi beharko dituzte. Jaurlaritzak ez du lizentzia berririk emango datozen hiru urteetan, nahiz eta bajak egon.
Sarbidea kontrolatzeko sistema
Apustu etxeetako sarbidea ere mugatu dute, baita joko makinak dituzte ostalaritza eremuetakoa ere. Kontrolatu egin beharko dute nork duen sarbidea debekatuta, sistema informatikoen bidez. Horretarako, debekatuen erregistro bat ireki dute, eta bertan izena ematen duenak ezingo du sartu joko aretoetara sei hilabetez. Toki hauetan eman daiteke izena: Osakidetzan, errehabilitazioko elkarteetan, ertzain etxeetan, joko aretoetan edota online bidezko jokorako etxeetan. Sistema horretara egokitzeko bederatzi hilabeteko tartea izango dute aretoek.
Publizitatea mugatuta
Azkenik, Jaurlaritzak "indartu egingo ditu murrizketak" publizitateari dagokionez. Besteak beste, debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan goizeko 06:00etatik gaueko 12:00etara; ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu; ezingo da publizitateko erreklamo gisa erabili kirol-instalazioen, taldeen edota lehiaketen izen edo markak; eta kirol ekipamendu edo kamisetetan ez da babesle moduan jokoaren arloko areto, enpresa edo operadoreen izenik agertuko.