Euskal errefuxiatuen bozeramaileetako bat den Jokin Aranalde Olaondo Espainiaren esku uztea ebatzi zuen atzo Paueko fiskal nagusiak. Pasa den apiriletik, Espainiako Auzitegi Gorenaren euroagindu bat zegoen Aranalderen aurka, "talde terrorista baten baitan Espainian 2002. urtean gertaturiko ekintzetan parte hartzea" leporatuta.
Joan den ekainaren 24an, Heletan atxilotu zuten 67 urteko Jokin Aranalde. Bake prozesuaren harira, errefuxiatuek Miarritzen egindako agerraldian parte hartu zuten bozeramaileetako bat izan zen. Orain, Louis Parant Paueko epaitegiko epaileak dio bi ETAkide errekrutatu ahal izan zituela Jokin Aranaldek, tartean Maite Aranalde alaba, Poitiersen preso. Hori dela-eta, Madrileko justiziaren esku uztea erabaki du Parantek.
Jokin Aranalderen abokatu Amaia Recartek salatu egin du Espainiaren euroagindua, "akats nabarmen batean oinarritua" eta beraz, gaineratu du ez dela onargarria Aranalde Espainiaren esku uztea. Espainiako poliziaren lekukotzan oinarritutako euroagindua izan zela dio, eta alabak eta beste ETAkideak ukatu egin dutela Jokin Aranaldek errekrutatu zituenik.