INDRA enpresaren kontseiluan eserlekua lortu du Real Sociedad futbol taldeko presidenteak, SAPA Taldearen ordezkari bezala. Espainiako armagintzaren sektorean hautsak harrotzen ari den estatu mailako operazio baten parte da mugimendu hori.
Operazioak ezustean harrapatu ditu armagintzaren sektoreko eragile asko. SAPA taldearen osasun ekonomikoa ez zen onena. Are gehiago, 2020ko memorian iragarri zuen 2021ean "gastuak murriztu edo eusteko" planari "jarraipena" emango ziola, baina guztiz kontrakoa egin du azken urtean: 210 milioi euro inguruko inbertsioak burutu. Lehenbizikoa 2021eko irailean, 80 milioi ingurukoa, ITP armagintzako euskal enpresaren akzioen %5 erosteko. Bigarrena 2021eko abenduan, 90 milioiren bueltakoa, INDRAren %5az jabetzeko. 2022ko maiatzean SAPAk Jokin Aperribayrentzako tokia eskatu du INDRAren administrazio kontseiluan; baina ezetza jaso zuen, horretarako baldintza akzioen %7,5 izatea delako, eta orduan egin du SAPAk hirugarren inbertsio deigarria: INDRAren akzioen %3 inguru erosi du, 40 bat milioiren truke. Horren ondorioz eta ekainaren 23ko akziodunen batzar gatazkatsuaz geroztik, Jokin Aperribay Espainiako Estatuko armagintzako enpresa handienaren zuzendaritzaren parte da.
Armagintza talde espainiar indartsua osatzeko nahia?
Antimilitaristak EH plataformak hilabete hasieran aurkeztu zuen La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí (Aperribaytarren SAPA. Gerra hemen hasten da) liburua, Gasteizkoak talde antimilitaristak idatzitakoa. Lanaren amaieran aipatu hiru inbertsioetatik lehengo biak jasotzen dira soilik, hirugarrena, Aperribay INDRAren administrazio kontseilura eraman duena, gertatu gabe zegoelako oraindik. Liburuan hipotesi bat zabaldu dute ekonomikoki aztertuta ulertzen zailak diren inbertsio horien zergatiez: SAPAren mugimendua mugimendu orokorrago baten parte litzateke, bilatuko lukeena Espainiako Estatuko armagintza talde handi bat eratzea, gastu militarra biderkatuko den garaiotan Europan lehiatu ahal izateko. Espainiako Gobernua ariko litzateke mugimendu hori bultzatzen, besteak beste. INDRAren akzionista nagusia SEPI da, estatuaren enpresa publikoa, eta orain beste bi jabe nagusiak dira SAPA bera, eta berriki ere administrazio kontseiluan sartu den Amber Capital (PRISA taldeko akziodun nagusia).
ARGIAk Gasteizkoak taldeari galdetu dio ze irakurketa egiten duen azken mugimenduez. Hedabideetan bestela interpretazioak zabaldu badira ere, liburuan jasotako hipotesia berretsi du talde antimilitaristak, ARGIAri helarazitako idatzian. “Gure ustez, bai SAPAren bai INDRAren mugimenduek zerikusia izango lukete garrantzi handiagoko operazio batekin, INDRAren inguruan Espainiako industria-polo militar handi bat sendotzea helburu duena. Polo horretan, SAPA (ibilgailu militarrak) eta ITP (aeronautika) enpresez gain, beste sektore batzuetako enpresa militar gehiago sartzen saiatuko da, hori guztia hurrengo urteetako Europako programa militar handietan hain bigarren mailako papera ez izateko”. SAPA, bere aldetik, polo horretan garrantzia irabazi nahian ariko litzateke: “Denborak argituko du kontua, baina gure irudipena da Aperribayren SAPAren anbizioa dela, akzioen arteko lotura gisa egiten duen lanaren bidez, garrantzi handiagoa hartzen jarraitzea gaur egungo heriotzaren merkatarien Espainiako poloaren egituran”.
Irakurri osorik Gasteizkoak taldearen analisia hemen.