argia.eus
INPRIMATU
Johnsonek ez du baimenduko Eskoziako erreferenduma
  • Abenduaren 12an egingo dira Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta ondorengorako erreferenduma antolatzeko baimena eskatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko lehen ministroak iragan ostiralean. Boris Johnson lehen ministro britainiarrak ezetz erantzun dio.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 04a

“Ez dut uste herrialde honetako jendeak pentsatzen duenik erreferendumak direla armonia mantentzeko modurik onena”, adierazi dio Johnsonek Sky News telebistari. Oposizioko buru laborista Jeremy Corbin-ek esan du bera boterera iristen bada ez diola eragozpenik jarriko erreferendumari, baina ez dela izango bere lehentasunetakoa.

Sturgenonen ustez, Johnsonen jarrera hori eutsiezina da eta bere ustez Eskoziako instituzioek argi adierazten badute erreferenduma egin nahi dutela, Parlamentu Britainiarreko inor ez litzateke ausartuko aurkako jarrera erakustera.

Brexitaren uhina probestu nahi du SNPk

2014an egin zen erreferenduma Eskozian eta bozka emandakoen %55ak independentziaren aurka egin zuen. 2016an egindako Brexitaren erreferendumean, aldiz, Eskozia Europar Batasunean mantentzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, eta olatu hori probestu nahi dute SNPk eta independentistek erreferendum berri bat eskatzeko.

Johnsonen ezetzak harridura handia piztu du eta zur eta lur utzi ditu independentistak. Sturgeonek tinko azaldu du aurrera joko dutela eta ikusteko dago zer gertatuko den abenduko hauteskundeen ondoren.

Ohikoan beti piztu izan dute arreta handia Eskoziako erreferendumek, baina oraingoan gainera, are eta gehiago, Kataluniako auzia ere hor dagoelako eta Europako herritarrentzat ezinbestekoa delako konparatzea batean eta bestean gertatzen dena. Europarrentzat irudikaezina da Edinburgoko kaleak sutan ikustea, edota poliziak eskoziar independentzia zaleak egurtzen, Bartzelonan gertatzen ari den gisan.