argia.eus
INPRIMATU
Johnny Depp aktoreari Zinemaldiko Donostia Saria ematea kritikatu dute emakume zinemagileek
  • Erabakia gogor kritikatu dute Euskal Herriko emakume zinemagileen elkarteak eta CIMAk (Espainiako emakume zinemagileen eta ikus-entzunezko medioen taldeak). Zinemaldiko antolatzaileek berretsi egin dute hautua. Haien ustez, festibalaren eginkizuna ez da “zinema industriako kideen jokabidea epaitzea”.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 12a
Johnny Depp Donostiako Zinemaldian. Argazkia: EITB

Johnny Depp aktoreak Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du datorren irailaren 22an. Aktore gisa egin duen ibilbide oparoa saritzeko eskainiko diote aintzatespena, baina polemikaren erdian jasoko du Deppek ekitaldiko izendapen gorena. Amber Heard emazte ohiak 2016tik salatu du aktoreak tratu txarrak egin dizkiola.

2020ko Zinemaldian Epaileen Sari Berezia jaso zuen Deppek Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan dokumentalagatik; aurten, pelikularik filmatu gabe helduko da alfonbra gorrira. Tratu txarren salaketengatik, Disney eta Warner konpainiek hainbat filmerako zuten kontratua hautsi dute Deppekin. Zinemaldiak hartutako erabakiaren ondoren, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat eragilek Hoolywooden gaitzespen bera erakutsi dute aktorearekiko.

Euskal Herriko emakume zinemagileen elkarteko Lara Izagirre “haserre eta triste” agertu da Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. “Zinemaldia bada leku bat itxaropena sortzeko, erreferenteak sortzeko, sariak emateko ez bakarrik aktore onei, baita gizartean erreferente izan daitezkeen pertsonei ere”. Horregatik, erabakia ulertezina iruditu zaiola esan du Izagirrek: aukeraketa egin zenean, Zinemaldiak bazekien epaitegiek Deppen aurkako tratu txarren salaketak onartu zituztela.

Emakume zinemagileen eta ikus-entzunezko medioen CIMA elkartea ere Deppi saria ematearen aurka lerratu da. Ekitaldiak mundu mailan duen oihartzuna zein den jakinda, aktoreek pantailan erakusten dutenaz gain, kontuan hartzeko elementu gehiago daudela adierazi du CIMAk. Haien ustez, artea ez dago “ongiaren eta gaizkiaren gainetik”, baina ikus-entzunezko industrian “interes ekonomikoak” oso indartsuak direla iradoki dute. 2018an, parekidetasunaren eta emakumeen inklusioaren aldeko gutuna sinatu zuten ekitaldiko antolatzaileek, baina hori onartu ondoren ere, berdintasunaren alde ezer gutxi egiten dutela iruditu zaio CIMAri.

Zinemaldiak erabakia berretsi du

Kritikak heldu eta berehala, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak berretsi egin du Donostia Saria Deppi emateko hautua. Emakume zinemagileen elkarteek erabilitako argudioaren aurka agertu da, gainera: “Festibalaren eginkizuna ez da zinema industriako kideen jokabidea epaitzea”. Pantailan egiten dena eta bizitza pribatuan gertatzen dena desberdindu egin behar direla nabarmendu du Rebordinosek.