Lekukoa hartu dio hogeita lau urtez zuzendari karguan egondako Pantxoa Etxegoini, azken hau erretretara doalako. Batez ere euskal dantzan eta musika tradizionalean ezaguna da Etxebest.
Johañe Etxebestek hartu dio lekukoa Pantxoa Etxegoini, Euskal Kultur Erakundeko zuzendari bilakatuz. Dantza munduan eta musika tradizionalaren arloan ezaguna da berrogei urteko zuberotarra. Besteak beste, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrako misio arduraduna bihurtu zen 2015ean, elkartearen proiektuaren gauzatzeko eta garatzeko.
Kultura munduan biziki inplikatuta, elkarte ezberdinetan aritu da militatzen: Konpany Beritza, Larraineko Maskaradak, Aitzindariak eta abar. Horrez gain, hainbat konpainietan koreografoa, dantzaria eta musikaria ere izandakoa da: Kautere Balet, Konpany Beritza, EliralE eta beste.
2021eko otsailaren 1ean hartuko du EKEko zuzendari kargua.
1990ean sortu zuten EKE, ondoko helburuekin: euskara eta euskal kultura suspertzea; goi-mailako ikerketak eta kultura trukaketak egitea; eta euskal kulturari laguntza aktiboa ematea arlo anitzetan –euskararen sustapena, literatura, antzerkia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, dantza, musika, arte plastikoak, ondarea, euskal kirolak...–. Kultura arloko elkarteez gain, instituzio publikoak ere dira administrazioa kontseiluan.
1996az geroztik Pantxoa Etxegoin zen zuzendaria. 2021eko urtarrilaren 30ean erretreta hartuko du azken honek.