argia.eus
INPRIMATU
Bidenek uko egin dio hauteskundeetarako hautagaitzari, eta Kamala Harrisen alde egin du
  • “Indar guztiak presidente karguan zentratzea” erabaki duela adierazi du, eta Kamala Harris presideneteordeari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio. Harrisek baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela Alderdi Demokratak presidentegai izendatu dezan. Donald Trumpek Biden AEBtako “historiako presidenterik txarrena” izan eta izango dela adierazi du, eta Harris “garaitzeko Biden baino errazagoa” izango dela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 22a

Joe Biden AEBtako presidenteak igandean azaroko hauteskunde presidentzialetarako hautagaitzari uko egingo dio igandean. “Izendapena ez onartzea erabaki dut, eta nire indar guztiak presidente karguan zentratzea agintaldia amaitu arte”, adierazi du egungo presidenteak sare sozialetan. Karguan egon den lau urteetako "lorpenak" azpimarratu ditu: “Elkarrekin gainditu genuen pandemia eta Depresio Handiaz geroztik izan den krisi ekonomikorik larriena. Gure demokrazia babestu eta zaindu dugu”, adierazi du. Hartutako erabakiaz aste honetan “zehazkiago” hitz egingo duela esan du.

Iragarpen horrekin batera, Kamala Harris demokratari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio, bera izan dadin haren ordez hautagaia, eta azpimarratu du “elkartu eta Trump garaitzeko garaia” dela. Harrisek eskerrak eman dizkio sare sozialen bitartez Bideni AEBei “hamarkadetan eskainitako zerbitzuagatik”. Adierazi du presidentearen babesa izatea “ohorea” dela, eta baieztatu du bere burua aurkeztuko duela Alderdi Demokratak hautagai izendatu dezan abuztuan ospatzekoa den konbentzioan.

Bidenentzako goraipamenak

AEBtan, Barack Obamak Bidenen agintaldia goraipatu du komunikatu batean. “AEBetako presidenterik garrantzitsuenetako bat” izan dela aipatu du, eta bere emaztearekin batera “esker ona” eman diete Joe eta Jill Bideni, “askatasunaren eta berdintasunaren idealekiko konpromisoagatik”. Hillary Clintonek eta Bill Clintonek adierazpen bateratu bat zabaldu dute, eta Bidenen agintaldi “harrigarria” aipatu dute.

Nazioartean, Pedro Sánchezek Bidenen erabakiaren aurrean “miresmena eta aintzatespena” adierazi ditu, eta nabarmendu du “demokrazia eta askatasunaren alde beti borrokatu” duela. Volodymir Zelenskyk Bideni eskerrak eman dizkio “Ukrainak askatasunaren alde duen borrokari emandako babesagatik”, eta adierazi du “erabaki zail eta gogorra errespetatzen” dutela. Benjamin Netanyahuk eskerrak eman dizkio Bideni, eta Israelen alde “gauza asko” egin dituela esan du.

Trumpentzat “historiako presidenterik txarrena”

Errepublikanoek erantzuna eman dute Bidenek emandako iragarpenaren aurrean. Donald Trumpek AEBren “historiako presidenterik txarrena” izan dela eta izango dela adierazi du sare sozialen bitartez, eta “AEB suntsitzeko ahal duen guztia” egin duela. “Gezurren” eta “albiste faltsuen” bitartez lortu zuela kargua salatu du. Bidenen lau urteko agintearen ondorioz “milioika pertsonek kontrolik eta ikerketarik gabe muga zeharkatzen” dutela eta herrialdean “terroristen kopuru errekorra” dagoela ziurtatu du. Presidentea “Demokrata ustel eta erradikalek bota” dutela nabarmendu du.

Azken asteetan eztabaida politikoaren erdigunean egon den presidentearen osasun egoerari buruz ere hitz egin du: “Bidenen inguruko jendeak gezurra esan zion Amerikari bere desagertze mental, fisiko eta kognitiboaz. Joe Biden bihar esnatuko da eta lasterketa utzi duela ahaztuko du”.

Trumpek Harrisen balizko hautagaitzari buruz ere hitz egin du, eta “garaitzeko Biden baino errazagoa” izango dela adierazi du CNNri eginiko adierazpenetan.