argia.eus
INPRIMATU
Volodimir Zelenski
“Bidenek munduan askatasunaren alde egindako ekarpen pertsonala historian beti gogoratuko da”
  • AEBetako presidenteak ezustean bisitatu du Kieven Volodimir Zelenski, eta berretsi du “konpromiso hautsezina” dutela “Ukrainako demokraziarekin, subiranotasunarekin eta lurralde osotasunarekin”. Zelenskik esan du AEBren eta Ukrainaren harremanarentzat azken 15 urteetako “bisitarik garrantzitsuena” dela. Ukrainara arma gehiago bidaliko dituztela agindu du.

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 20a

Otsailaren 24an urtebete egingo du Errusia inbaditzen hasi zela Ukraina, eta testuinguru horretan egin dio bisita Joe Biden AEBetako presidenteak Zelenskiri, Kiev hiriburuan. 500 milioi dolarreko balioa duten armamentua agindu dio, eta Etxe Zuriak zabaldu duenez, “AEBek behar den denbora guztian babestuko dute Ukrainako herria”. Bidenek Zelenskiri ziurtatu dio “konpromiso hautsezina” dutela Ukrainako “demokraziarekin, subiranotasunarekin eta lurralde osotasunarekin”.

Zelenskik Telegram bidez eskertu du AEBen babesa: “Iazko otsailaren 24ko gauean egindako lehen deia, gure negoziazioak, gure borroka eta Ukrainako demokraziaren defentsari etengabeko arreta sendoa eta hautsezina, eta Biden presidente jaunak munduan askatasunaren posizioa indartzeko egindako ekarpen pertsonala, historian beti gogoratuko den zerbait da”. Kieveko bisitaldiak erakutsi du AEBek segiko dutela Ukrainako gerra armaz hornitzen. Zelenskik azpimarratu du AEBetako presidentearen bisita, azken 15 urteetako lehena, “Amerika eta Ukrainaren arteko harremanarentzat bisitarik garrantzitsuena” dela.

Bide beretik doa Europako Batasuna ere: Josep Borrell EBko diplomaziaburuak ohartarazi du Ukrainari “babes militarra” eman behar zaiola berehala, Errusia erasoaldi bat prestatzen ari dela argudiatuta. Egunotan adostuko dute nola bideratu EBren laguntza hori.

Halaber, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek ohartarazi du Txinak asmoa duela “laguntza hilgarria” ematea Errusiari, esanez horren frogak dituela, nahiz eta ez dituen erakutsi. Laguntza horrek Txinari arazoak ekarriko lizkiokeela ziurtatu du, beste herrialdeekin dituen harremanei dagokienez. Dena dela, larunbatean Municheko Segurtasun Konferentzian Txinako Atzerri Gaietako buru Wang Yik jakinarazi zuen “Ukrainako krisian akordio politiko bat lortzeko” lanean segituko dutela, eta egunotan informazio gehiago emango dutela, “bakea bultzatzeko”.

Gatazka luzea

Asier Blas EHUko Politika Zientzietako irakasleak eta ARGIAko kolaboratzaileak gerraren irakurketa egin du, urtea beteko den honetan. Haren esanetan, Errusiak momentuz “porrota” izan du, alde militarrari dagokionez, "nahiz eta kaltetu nagusia ukrainar herri xehea izan", argitu du ARGIAko 2814 zenbakidun alean.

Ordea, dimentsio ekonomikoari begira “Europako Batasuna da kaltetu nagusia”, eta orain arte galtzaile izan da Mendebaldea. Blasen hitzetan AEBak dira “gehien indartu” direnak, EITBn azaldu duenez: “Aldez aurretik programatuta zeukan gerra hau gertatu egin da, eta abantaila asko atera ditu. Besteak beste, Europar Batasuna bere interesetara ainguratu du, eta ekonomikoki kolonizatu du”.

Aurreikusten duenez, gatazkak luze jo lezake, eta 2023 “oso arriskutsu” bilakatuko da, hala nola Ukrainak arma gehiago jasoko dituelako. Bi herrialdeen aldetik bake akordioa lortzea “oso zaila” dela dio, egungo egoera ikusita: “Errusiak asko galdu du, gerrak luze jo duelako, eta garaipena behar du. Ukrainak sekulako hondamendia izan du, ekonomiko zein militarra, eta batik bat hildakoen kopuruei dagokionez”.

Datozen egunetan iragarriko dituzte neurri gehiago bateko zein besteko agintariek, eta ikusiko da nora joko duen gerrak, urtebete beteko den honetan eztanda egin zuenetik.