argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean
  • Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren inpartzialtasuna, “itsutasuna”, erabateko politizazioaren ondorioz, mito hutsa dela aitortzeko modua Trumpen mendeku-grinari aurrea hartzeko A. Fauci, L.Cheney, M. Milley eta abarri emandako “barkamen prebentiboa”?

Mikel Aramendi 2025eko urtarrilaren 21

Edo ez ote du gogoeta bat merezi, tenore bertsuan, Bidenek Hunter semeari, edo Trumpek bere esanera matxinatu zirenei berehala –eta antzera, lehenago beste batzuek–, beren ingurukoei eta kuttunei emandako barkamen exekutiboek botere banaketari egiten dieten irriak?

Bada, ordea, Bidenen barkamen horien artean, justiziarena ez beste ikuspegi batetik zeresana eman behar lukeena: Marcus Garvey aspaldiko ekintzaile beltzari eman diona. Batetik, beranduko justizia ez bada justizia, Josafateko barkamenak ez duelako ezer barkatzen: 85 urte daramatza zenduta Garveyk, eta ehun urte badira auzi faltsutuan zigortu zutenetik.

Eta bestetik, gogoangarria bada ere haren bizi-peripezia, eta gutxietsi behar ez dena haren itzal soziopolitikoa, Garveyk pairatu zuena, konparazioz, hutsaren hurrengoa delako Estatu Batuetako beltzen eskubide zibilen aldeko borrokan beste askok nozitu behar izan zutenaren eta nozitzen ari direnaren aldean. Haietako batzuei bederen, dezenteko –eta merezitako– mesedea egingo lieke presidentearen barkamen exekutibo batek.

Baina, gainera, Garveyren ibilbide eta pentsamolde politiko-sozialaren nolakotasuna dagoelako tartean. Gauzak bere garaian eta testuinguruan epaitzen saiatzea gizalegezkoa ez ezik intelektualki galdagarria bada ere, geroagoko Malcolm X edo Martin Luther King Garveyren ildoan ikusi nahi izatea… hura zuritzea da, berari seguruenera batere gustagarria izango ez zitzaion hitz-jokoa erabiliz, besterik ezinean.

Arrazialismo beltzaren aitzindaria izan zen Garvey AEBetan. Eta haren “Afrikara itzuli” egitasmoak, garaiko beltzen artean bezain harrera ona, edo are sutsuagoa, aurkitu zuen bere sasoirik onenean zegoen supremazismo zuriaren baitan, “Amerikaren zuritasuna” ziurtatzeko nahitaezko osagaia zelakoan. Ez da harritzekoa. Ezta ere kasu bakarra.

Konplituki aletzen ditu Garvey eta Madison Grant-en arteko harremanak Jonathan Spirok Defending the master race idatzi zuenaren biografian (257-263 orr.). Alegia, Hitlerrek “nire biblia” deitzen zuenaren egilearekin zuen ententea.

Ezin ote zuen Bidenek ezer txukunagorik aurkitu AEBetako beltzen eskubide zibilen aldeko borrokaren historia luze bezain jorian, adiskidetasun-keinu bat egiteko?
Keinua besterik ez baita Garveyrena ere.