Joe Biden, Alderdi Demokratikoko hautagaia, izango da Amerikako Estatu Batuetako 46. lehendakaria, hauteskunde estu batzuetan gaina hartuta Donald Trump orain arte lehendakari zenari. Bidenen garaipenean erabakigarria izan da Pennsylvaniako ordezkaritza, lehendakaria hautatzeko 20 boto ematen dizkiona, bereganatu izana; baina horiez gain Nevadan jokoan zeuden seiak ere bereganatu ditu. Horiek zenbatuta, AEBko lehendakaritza lortzeko behar diren 270 boto-ordezkariak aise gainditzea lortu du, 290 eskuratuta; Donald Trump 214tan geratu da. Joe Bidenek 74.857.880 boto bildu ditu, Donald Trumpek 70.598.535.
Pennsylvaniako 20 botoak bereak zituela berretsi bezain fite mintzatu da Joe Biden Alderdi Demokratako hautagaia eta garaipen deklarazioa egin du: "Ohoratzen eta apalarazten nau jakiteak AEBetako jendeak niri eta Harris lehendakariorde hautatuari eman digutela konfiantza. Aurrekaririk gabeko oztopoei aurre eginez, inoiz baino iparramerikar gehiagok eman du botoa. Horrela frogatu dute demokrazia taupaka dagoela AEBen bihotzean. (...) Kanpaina bukatu da eta orain da garaia atzean uzteko haserreak eta erretolika garratzak, eta nazio gisa elkartzeko. AEBei heldu zaie ordua elkartzeko eta zauriak sendatzeko. Amerikako Estatu Batuak gara gu eta ez dago guk egin ezin dugun ezer, elkarrekin egiten badugu".
Minutu gutxi lehenago Donald Trumpek enegarrenez ohartarazia zuen ez duela Bidenen garaipenik onartuko: "Denok dakigu zergatik dabilen halako presaz Joe Biden bere burua irabazle agertu nahian eta zergatik ari diren hedabideetako bere lagun guztiak saiatzen hari laguntzen: ez dute nahi egia azaldu dadin. Baina errealitatea da hauteskundeok ez direla amaitu. (...) Astelehenetik aurrera ekingo diogu kasua auzitegietara eramateari, ziurtatzeko hautes-arauak osorik betetzen direla eta izendatzen dela benetan garaile dena".
Tartean, laster kargua utzi beharko duen lehendakariak segitzen zuen sare sozialetatik bere burua garaile izendatzen. Twitter berak ohartxo bat gaineratu dio –munduko beste edozein erabiltzaileri ezabatu egingo zion baina AEBetako lehendakariari ezin dio horrelakorik egin– irakurleei iradokiz gezurretan ari dela:
I WON THIS ELECTION, BY A LOT!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) November 7, 2020
Kazetariek, dena dela, lehenagotik kontatuak zituzten Bidenen garaipena aurreikusteko zantzuak. AEBetako zerbitzu sekretuak bereziki zorroztuak zituzten Bidenen etxebizitza, egoitza eta gainerakoak. Eta Trumpen duela lau urteko garaipenean eta ondorengo agintealdian funtsezkoak izan diren Fox bezalako hedabide erraldoietako kazetariak ere hasiak ziren beren jarraitzaileei aurreratzen Bidenek irabazteko zeuzkan aukerak.
Pennsylvaniako emaitzak jakin bezain fite aldatu dituzte Twitterreko beren profilak bai Joe Bidenek eta bai Kamala Harrisek, beren buruak izendatuz lehendakari hautatu eta lehendakariorde hautatu:
Joe Biden and Kamala Harris have both updated their Twitter bios to reflect their newest titles: president-elect and vice president-elect. pic.twitter.com/neraVh2iAd
— Joan Greve (@joanegreve) November 7, 2020
Kamala Harris izango da AEBek eduki duten lehenbiziko lehendakariorde emakumezkoa.