argia.eus
INPRIMATU
Joaquin Gorrochateguiren Ikerkuntza Euskadi Saria dela eta

SOS Iruña-Veleia 2024ko maiatzaren 28a

Jakin dugunez, 2023ko Ikerkuntza Euskadi Saria eman diote Joaquin Gorrochateguiri. SOS Iruña-Veleiak bere desadostasuna eta haserrea adierazi nahi ditu agiri honen bidez. Gure ustez, Iruña-Veleia auzian katedratikoak jokatu duen paper negargarriak indargabetuta uzten ditu beste gai batzuetan izan ditzakeen merituak. Azken batean bera izan da, beste filologo batekin batera, euskararentzat eta gure herriarentzat  hain inportanteak diren aurkikuntzak zakarretara bota dituena.

Bera izan zen lehena aurkikuntzak ontzat ematen: "Y nuestro objetivo principal era hoy precisamente asegurar a esa comunidad científica que es verdad, que no es un fraude, que han aparecido unas leyendas escritas en alfabeto latino sobre material cerámico básicamente, aunque también hay vidrio y hay huesos, con leyendas en vasco antiguo” [Eta gure helburu nagusia zen gaur komunitate zientifiko horri ziurtatzea egia dela, ez dela iruzurra, alfabeto latinez idatzitako kondaira batzuk agertu direla, material zeramikoaren gainean, funtsean, nahiz eta beira eta hezurrak ere badauden, kondairak dituztenak antzinako euskaran]. (2006-06-15, aurkezpen eguneko hitzak, Radio Euskadik jasoak).

Gure ustez, Iruña-Veleia auzian katedratikoak jokatu duen paper negargarriak indargabetuta uzten ditu beste gai batzuetan izan ditzakeen merituak

Handik lau egunera, zera zioen gutuna entregatu zion Arkeologia Museoko zuzendariari: “Tras conceder dos entrevistas a los periodistas durante la mañana del viernes y enviarle a Eliseo mi texto de la comparecencia para que lo colgara en la web de la excavación, me voy a los Pirineos. Y la conclusión de lo pensado durante estos dos últimos días, teniendo en cuenta los datos que guardaba en mi memoria, es que no se sostiene en absoluto que los grafitos en euskera sean antiguos” [Ostiral goizean kazetariei bi elkarrizketa eman eta Eliseori nire agerraldiaren testua bidali ondoren, indusketaren webgunean eskegi zezan, Pirinioetara joan nintzen. Eta azken bi egun hauetan pentsatutakoaren ondorioa da, nire memorian gordetzen nituen datuak kontuan hartuta, ez dela inola ere sostengatzen euskarazko grafitoak antzinakoak direlako ideia]. Hau da, atzo zuria zena gaur beltza da.

Nekez ahaztuko dugu Gorrochateguik gai honetan harrezkero jokatu duen papera. Lehenik, aurkikuntzen eta Lurmeneko arkeologoen aurkako kanpaina mediatikoa zuzendu zuen Interneten, ezizenen atzean ezkutatuta, beti ere. Gero, “Las armas de la filología” [Filologiaren armak] artikulu luzea argitaratu zuen, eta bertan filologiaren nagusigoa aldarrikatu zuen beste diziplinen aurrean. Lurmenek eta auzia argitzearen aldeko elkarteek hasieratik eskatzen dituzten laborategiko froga fisiko-kimikoen aurka egin du beti, auzia ebazteko hizkuntzalaritza aski dela argudiatuta.  Epaiketaren garaian, faltsutasunaren aldeko ia inork aurpegirik eman nahi ez zuenean, sarri ikusi genuen hedabideetan bere tesiak handikiro azaltzen, une hartan akusatuen aulkian esertzen zen Eliseo Gilenganako enpatia eta errespetu minimorik agertu gabe.

Esandakoagatik eta beste gauza askogatik, guk garbi dugu Gorrochategui ez dela duina horrelako sari bat jasotzeko, eta iruditzen zaigu hanka-sartze handia egin duela erabaki hori hartu duen epaimahaiak.

SOS Iruña-Veleia