Jakin aldizkariaren zuzendari ohi Joan Mari Torrealdarik larunbatean jakinarazi du hezur-muineko minbizia duela. Baionan izan berri diren Tortura, memoria eta inpunitatea: demokraziaren paradoxak? izeneko jardunaldietan jakinarazi du bere gaitza eta Euskaldunon Egunkariaren aurkako operazioan jasandako torturekin lotu du.
Atxilotu zuten unetik orain artekoaz mintzatu da Torrealdai mahai inguruan, “Prozesu guztia izan da tortura: fisikoa eta psikologikoa. Eta horren guztiaren ondorioak orain ari naiz pairatzen”. Horrekin lotu du jakinarazi berri duen gaixotasuna: “Ez naiz sendagilea eta ez dut frogarik aurkeztuko. Nire minbiziak erroak non dituen, ordea, nik garbi dut, eta nire psikiatrak ere bai”.
Maddi Ane Txoperena kazetariak Berrian jaso duenez, izua hezur-muineraino sartu ziotela idatzi zuen Torrealdaik espetxetik atera ostean. Torturaren inguruko jardunaldietan azaldu du hori Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohiak: “Orain jakin dut ez nintzela figura literario batez ari, neuk jakin gabe, nire gaitzaren deskribapenaz baizik. Bai, minbizia dut, non eta hezur-muinean. Barrurago ezin. Zuen aurrean egin nahi dut publiko. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia”.