argia.eus
INPRIMATU
Joan da Santibate, heldu da Libertimendua Amikuze eta Garazira
  • Inauterien aroa da Euskal Herrian, nola Hegoan hala Iparrean. Amikuzen Santibate ospatu zuten iragan larunbatean eta Libertimendua izanen da igandean. Garazin berriz, otsailaren 26an. Badago non kausitu, badugu nola laketu.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko otsailaren 17a
Donapaleuko Libertimenduaren afixa. Euskal Elkargoari (HELEP deitua ere) aipu egin diote.

Iragan asteburuan Donapaleun ospatutako Santibaten, zirtzil maskaraturik, trikitilariak lagun ibili ziren karrikaz karrika, ostatuz ostatu bertsotan eta kantari. Sasoiko usaian, eskean betiere.

Zirtzil ausartek bertsolarien tokia hartu zuten giro biziak kitzikatuta, eta gaueko oren txikietan jada desagertu ziren. Igande honetan izanen ditugu berriz ere, karrikan lehenik, Libertimenduan gero, plazan: koloretsuak eta indartsuak.

Amikuzeko inauteriak dira, Donapaleun. Eskualdeko gazteak harrotuta daude, zirtzilez mozorroturik, dantzarien nola bertsolarien gisara. Kabalkada goizeko 10etan abiatuko da Frantziskotarren egoitzatik.

Karriketan barrena itzulika-itzulika ibili ondoren, abere merkatuko plazan emanen dute emanaldi nagusia. Kartsuki, usaian bezala. Arras trebatuta heldu omen dira.

Ondoren, bazkaria eginen dute eta bisitariak gogotik errezibitzeko daude Amikuzeko lagunak. Hona beren deia: “Udaberria heldu da emeki, baina negua ez da arras joana. Zatozte bihotza berotzerat”.

Ezin duzula igande honetan Baxenabarrera joan? Ez kexa, ez kezka. Garazi eskualdean Libertimendua izanen duzu heldu den 26an, Donibane  Garazin. Garaztarrak dantza taldeak,  Zirtzilen antzerkiak eta bertsolariek girotuko dituzte Donibane Garaziko karrikak. 9:30ean  abiatuko dira kabalkadan eta 11:30ean Libertimendua ekitaldi nagusia eginen dute Trinketaren aitzinean.