Katalunian izandako azken gertaerek, Bartzelona eta Cambrilsen komando jihadista batek egindako atentatu hilgarrien ondoren, azterketa politiko objektiboa behar dute, lasaia eta itsutasunik gabea. Astakeriaren aurrean, erraietatik irtendako erreakzioak saihestu behar dira, agian denok baitugu jihadismoa deituriko munstro hori sortzearen ardura pixka bat, batez ere Mendebaldeko gobernuek.
Hilotzak oraindik mahai gainean dira –denak, baita komando jihadistako kideenak ere– eta zauritutako asko oraindik hil ala biziko egoeran daude. Horregatik, erraietatik harago doan hausnarketa politikoa egitea agian desegokia lirudike, eta zenbait pertsonak, talde politikok eta mediok pentsa dezake tragedia hori justifikatzeko modu bat dela. Hala ere, iruditzen zait egin beharra dagoela, biktima guztiekiko errespetu eta elkartasunetik abiatuta, eta jihadisten familiak ere kontuan hartuta.
Asko harritu nau ez egotea egoera hau sortu duten arrazoien muinera iritsi nahian egindako hausnarketarik. Alderdi politiko guztiek, ezker zein eskuin, baita izaera ezberdineko erakundeek ere, eta jakina fronte mediatikoak, modu berean erreakzionatu dute: atentatua kondenatu, batasunerako deia egin eta biktimekiko elkartasuna adierazi –ez biktima guztiekiko, hala ere–.
Lehen puntua. Egiatan, bai Katalunian gertaturikoak, bai Europako beste hainbat tokitan izandako atentatuek, ez dute beste arrazoirik fanatismo erlijiosotik harago? Golkoko gerrak; hango herrialdeen espoliazioa; migrazio ekonomiko eta politikoak; migrazio horiek eteteko Europan jasotako murruak; Mediterraneoko milaka errefuxiatuen hobi komuna; pertsona horiei harrera egiteko Gobernuek euren konpromisoa ez betetzea eta herritarren pasibotasuna horren aurrean… Horrek guztiak ez du eragin eta ez du eragiten jihadismoaren munstroa sorrera eta garapenean? Batzuk fanatizaturik, beste batzuk desesperatuta, heriotza eta zorigaitzaren militante bihurtu dira, orain Katalunian ikusi dugun bezala. Gure “astakeriek” ez al dute zerikusirik eta ez al dituzte jihadisten astakeriak elikatu?
Mendebaldeko eskuin politikoak eta bere fronte mediatikoak atentatuak arbuiatu ditu, baina ez al dute inongo erantzukizunik munstro jihadistaren ekintzen aurrean? Gara egunkariko Fede de los Riosek galdera bota du: “Zeinek armatu eta finantzatu zituen talibanak, Al Kaida eta beste talde salafistak, Erdialdeko Asia eta Ekialde Ertaina ezegonkortu eta hango petrolio baliabideak kontrolatzeko?”
Ezkerreko alderdi politikoek, ezker abertzaleak eta prentsa abertzale eta progresistak, ez al lukete aspektu horien guztien inguruan sakondu behar, erraietatik irtendako erantzunak eman beharrean eskuinak egin ohi duen bezala? Ulertzen dut une hauetan ez dela erraza ezkerreko alderdientzat, are gutxiago ezker abertzalearentzat eta bere prentsarentzat, gauzak horrela esatea. Baina beharrezkoa litzateke, egiaz irtenbide bat aurkitu nahi badugu munduan arazo larri bihurtu den jihadismoarentzat. Eskuin politikoak ardura larria dauka munstro horren sorreran, eta bere hedabideetatik proposatutakoa ez da soluzioa: errepresioa eta kito, eta “terroristak” edo susmagarriak hil behar badira, ba hiltzen dira.
Bigarren puntua. Ustezko “terroristei” tiro egitea hiltzeko helburuz, justua eta estrategikoa al da? Ikuspegi polizialetik hobe litzateke haiek atxilotzea informazioa lortzeko, beti ere euren eskubideak errespetatuz, “terrorista” susmagarriak izanik ere. Inori ez zaio entzun hausnarketarik puntu honen inguruan. “Terroristaren” kontra, edo susmagarriaren kontra denak balio du! Batek ez du ezer espero eskuinarengandik. Baina ezkerreko alderdiek, ezker abertzaleak eta euren prentsak ez al du ezer esateko? Ondo ikusten dute? Justua da?
Beldur naiz kalkulu elektoralistak ez ote diren ezkerraren eta ezker abertzalearen adierazpen argi, integral eta irmo bat oztopatzen ari, eskuin politikotik eta erraietatik harago.