argia.eus
INPRIMATU
Jevgenija Box estatuburu izatera iritsi zen orain 100 urte
  • Ukraniako Sobietar Errepublika izendatu zenean, emakume bat jarri zen hango Barne ministro, eta praktikan gobernuburu ere izan zen, ofizialki ez baitzen halako kargurik. 1917ko abenduaren 27a zen, eta kasik oharkabean emakumeen emantzipaziorako borrokan itu bat jarri zuen Jevgenija Boxek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko abenduaren 26a
Jevgenija Box (1879-1925)

Militante komunista ukraniarrak paper garrantzitsua jokatu zuen 1917ko errusiar iraultzan, baina haren izena batez ere historiara igaroko da herrialde bateko buru izaten lehen emakumea izan zelako, jatorri aristokratikoko kargu sinbolikoak albo batera uzten baditugu bederen. Halaxe azaltzen dute dute K17 ekimeneko webgunean idatzitako biografian eta efemeride horixe gogorarazi digute sarean ere:

Askapenerako kontzientzia, baina, askoz lehenago hartu zuen Boxek. Adin txikikoa zenean gizon batekin ezkontzera derrigortu zuten gurasoek eta hala jabetu zen borrokatu beharraren garrantziaz. Politikoki boltxebikeen aldeko joera erakutsi zuen lehen momentutik  eta horrek Siberiarako deportazioa, ihesaldia eta erbestea ekarri zion ordainetan. Gero, 1917an buru-belarri sartu zen Errusiar Iraultzan, Leninen estrategiarekin eta nazioen onarpenarekin zerikusia zuten hainbat ideiekin eztabaida eta tira-birak izan zituen –ukraniar nazionalismoaren beldur zen–, baina ordurako ezaguna zen boltxebikeen ezker-aldeko adarrean kokatzen zirenen artean.

1917ko abenduan, duela 100 urte Ukraniako Sobietar Errepublika ezarri zenean, herrialde horretako aginte gorena izan zuen denbora labur batez Boxek, historian halako izaera praktikoko kargu bat izaten lehen emakumea izan zen beraz.

Alemaniarren kontrako guduan eta kulaken matxinada zapaltzen erabakigarria izan zen, besteak beste. 1919ko boltxebikeen VIII. Kongresuan alboratua izan zen, batez ere ukraniar baserritarren eskaerekiko bere oposizio ultra-ezkertiar irmoa zela eta. Osasun arazoek jota hil zen 1925ean.  Ukrainako egoera nahaspilatsuan Boxek iraultzaren alde egindako borroka garrantzitsua aintzat hartu izan dute beste iraultzaile ezagun ugarik.