Venezuelako mugan Kolonbiako Armadak egindako segada batean hil dutela adierazi du FARC-Segunda Marquetalia izeneko taldeak, FARC-EPk bultzatzen duen bake prozesutik aldendu eta gerrila borrokara itzuli den talde armatuak.
Seuxix Paucias Hernandez zen gerrilari buruzagiaren egiazko izena eta 2019an klantestinitatera jo zuen Ivan Marquez gerrilari buruzagiarekin eta beste hainbat gerrilarirekin. Kuban Kolonbiako Gobernuak eta FARCek eramandako negoziazio prozesuan parte hartu zuten bi buruzagi gerrilariek.
Gero, ordea, behin Kolonbian zela, AEBek droga trafikoa egotzi zioten eta Kolonbiako justiziak espetxeratu egin zuen. 2019an behin-behineko askatasunean utzi zuten eta une hori baliatu zuen berriz oihanera alde egiteko.
“Borrokan hilko naiz”
2020 martxoan argitaratu zuen ARGIAk Ibai Trebiño kazetariak Santrichekin egindako elkarrizketa, eta bertan etorkizuna iragartzen ari zela dirudi: “Borrokan hilko naiz, eta ez gerra zikinak balaz josita”. Ostera ere borroka armatura itzultzeko arrazoien artean zen Kolonbiako Gobernua ez zela betetzen ari Kuban sinatutakoa eta, besteak beste, talde paramilitarrek desmobilizatutako ehunka gerrilari ari zirela hiltzen, armadaren oniritziarekin. Halaxe zioen elkarrizketan armetara itzultzeko arrazoiez:
“Funtsezkoena eta garrantzitsuena: bizitzeko eskubidea. Ez da bermatu. Ezkutaezinak dira lider sozialen edo bergizarteratu diren ehunka lagunen hilketak azken hiru urteetan. Bakerako Jurisdikzio Bereziaren arloan adostutakoari egin zaizkion aldaketak ere aipa ditzakegu, hasieratik etsaiaren zuzenbide penala inposatu zuten esparru horretan”.