argia.eus
INPRIMATU
Hilberria
Jesús Fernández Naves, Martxoak 3aren erreferente, eta haratago
  • Igande goizean hil da Gasteizen Jesús Fernández Naves, 1976ko Gasteizko greben aurpegi ezagunenetakoa eta militante betierekoa. Gaixotasun luze baten ostean zendu da 86 urterekin, etxean eta maite dutenen epelean. Bere burua berritzen jakin zuen alzheimerrak utzi zion arte borrokan jarraitzeko.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko urtarrilaren 18a

Jesús Fernández Navesen (Oviedo, Asturias) jaio zen 1934an. Apaiz jardun zuen herri txiki menditsuetan, 60ko hamarkadan zigortu egin zuten langileen alde egiteagatik eta apaizgoa utzi zuen. Argentinara joan zen ondoren, baina bere burua arriskuan jarri zuen han ere eta diktaduratik ihesi Europara bueltatu zen. 1975ean joan zen Gasteizera bizitzera, greba mugimendu sonatua hasi baino ez askoz lehenago. Greba mugimendua barrutik bizi izan zuen, besteak beste Mercedes bere lantokiko batzordearen ordezkari bezala. Mugimendu haren aurpegi ezagunenetakoa izan zen, eta Martxoaren 3ko sarraskiaren ostean espetxeratu zuten. Mercedeseko 1987ko protesta luzeetan ere aritu zen buru-belarri. Gasteizkoak talde antimilitaristaren sortzaileetako bat izan zen 90eko hamarkadan, eta bertan militatu zuen alzheimerrak utzi zion arte. Urte horietan guztietan mobilizazio eta ekimen herritarretan ohikoa izan zen bere presentzia.

Alzheimerra urte asko direla hasi zen urratsez urrats Jesús ezintzen. Tarte luze horretan geroz eta zaintza gehiago behar izan du, eta hor izan ditu lagunak, militantzia kideak, familia eta seme-alabak. Guztien artean nabarmendu da Karmen bere bikote, lagun, bizitza-bidaidea. Hainbeste emakumek eta hain gizon gutxik imajinatu dezaketen eskuzabaltasun eta dedikazioz zaindu du urteotan guztietan Karmenek Jesús.

Botere guztia asanbladari

“Martxoaren 3ko erreferente nagusietako bat, errepresioa jasan zuen horregatik orduan eta ondoren ere. Langileen borrokari eta beste borroka batzuei eskainitako bizitza bat, beti ere asanblada eta horizontaltasuna oinarri. Ondare hori Gasteizen presente dago”, adierazi dio ARGIAri Martxoak 3 elkarteko Andoni Txaskok: “Elkartetik bere borroka eskertu nahi dugu, eta horri jarraipena emateko konpromisoa adierazi”. Gasteizkoak talde antimilitaristako kideek “lagun, kide, konplize (eta leziorik gabeko maisu)” bezala gogoratu dute, berarengandik ikasitakoak aletuz: asanbladaren ezinbestekotasuna, etengabe berritzeko prest dagoen pentsamendu erradikala, pasioa, hausnarketa, umorea, autokritika eta akatsen onarpena. Jesúsen alzheimerraren bitartez ere gauza ugari ikasi dutela diote, besteak beste “zaintzan ari diren pertsonak zaintzearen garrantzia”. Bizitzan eta militantzian bidaide izan duen Imanol Olabarriak bi hitzekin lotu du lagunaren izena: asanblada eta berdintasuna. Orduko sua itzalita, 76an Gasteizen bizitu zutena Chiapasen berraurkitu zuten 2000 urtean elkarrekin egindako bidaian: “Inor ez inoren gainetik; obedituz agindu”. Aspaldiko beste borroka bat ere gogoratu du: “Komunean bizitzeko ahalegina; proiektuak, maitasunak, gurasotasunak edo haurrak familia biologikotik harago konpartitzekoa”.

Jesúsen lagunek blog bat irekitzea erabaki dute, berari, familiari edo bere ibilbideari buruz edozer adierazi nahi duten pertsonek publikoki konpartitzeko aukera izan dezaten. Testuak, irudiak edo dena delakoak jasotzeko email helbide bat zabaldu dute: jesus.f.naves@gmail.com.

Etorkizunerako lehengaia

Jesús bere garaipen militanteetan eta sonan erosotu zitekeen lasai asko, Martxoak 3ko ‘Naves’ izateko betirako. Bere belaunaldiaren langile borrokaren porrot bezala sentitzen zuen horretan erosotu eta borroka alde batera utzi zezakeen ere –“Gure borrokak eman du eman beharrekoa, orain gazteei dagokizue bide berriak sortzea”, bota zidan 20 urte baino gehiago direla–. Baina ez zuen egin ez bata ez bestea. Bere burua berritu eta borrokan jarraitzen jakin zuen, batere erosoak ez zitzaizkion ahots berriak ere entzunez. Feminismoarena kasu, kontzientzia ziztatu ziona ohartarazi zionean bere militantziaren eskuzabaltasun publikoa beste batzuen eskuzabaltasun ezkutuak ahalbidetu zuela.

Benedettiri irakurri nion behin, militante zaharrak naufragioaren ondoren ur azalera irteten diren egur zati nobleen antzekoak direla. Iraganeko borrokak eta haien ametsen edertasuna gogorarazten dizkigutela. Ez hori bakarrik. Egur zati horiek, itsasontzi berriak eraikitzeko lehengai ezinbestekoa ere badira.