argia.eus
INPRIMATU
Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza
  • Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urtarrilaren 30
Laguntza humanitarioa Gazara sartzen uztean datza Israelen eta Hamasen arteko akordioaren puntuetariko bat. Argazkia: Unrwa

Urtarrilaren 15eko su-eten hauskorraren harira, beraien etxe izan zuten lekura itzultzen ari dira Gazako palestinarrak. Al-Jazeera komunikabidearen arabera, dagoeneko 500.000 dira Gaza iparraldera itzulitakoak. Gazako Zerrendaren iparraldera heltzen ari den jende oldeari laguntza humanitarioa bermatzean datza egun hauetako erronka potoloetariko bat. Eta horregatik da arriskutsua UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa Jerusalem ekialde okupatuan hesteko erabakia. Funtsean, ondoko abisua luzatu zuen urtarrilaren 28an UNRWAko komisario Philippe Lazzarinik: "Prozesu politikorik gabe eta nazioarteko komunitatearengan konfiantza oso ahula dagoen honetan, gure operazioak mugatzeak arriskuan jarri dezake su-etena".

Israelgo Parlamentuak iazko urrian onartutako bi lege ditu oinarri debekuak. Lehenak, UNRWAren jarduerak debekatzen ditu Israelen, baita okupaturiko Jerusalem ekialdean ere. Bigarrenak, UNRWArekin lan egitea debekatzen die Israelgo arduradunei. Jakinda Gazarako sarrerak kontrolatzen dituela estatu sionistak, laguntza humanitarioa sarrarazteko bidean oztopo bat gehiago dira bi lege horiek.

Bizitokiak zein edozein oinarrizko azpiegitura, Gaza iparraldearen %80 baino gehiago dago erabat suntsiturik. Hori horrela, kanpamentuetarako materialaren behar gorria dute: 135.000 kanpa-denda edota karabana galdetu dizkie nazioarteko eragileei Gazako Gobernuak. Zifra ofizialik ez bada ere, itzulerak heriotzarekin ere errimatu dezake, zartatu gabeko bonbengatik. Su-etenaz geroztik, 23 lirateke horrelako hildakoak, NBEren arabera.

Bahituen trukea, hirugarrena

Urtarrilaren 30 honetan egitekoa dute bahituen eta presoen arteko hirugarren trukea: Israelek 110 preso askatu beharko lituzke –horietan 30 ume eta 32 bizi osorako kartzela zigorra betetzen ariturikoak– eta Hamasek, bere aldetik, zortzi –hiru israeldar eta bost thailandiar–. Hamasek aske utzi baditu ere zortziak, Benjamin Netanyahuk ordu pare batez eten egin du presoen askatzeko prozesua. Hamasen esku artean diren bahituak askatzerakoan "segurtasunaren" bermea lortu arte atzeratu egin du trukea.  Al-Jazeerak 14:00etan jakitera eman du, ordea, bermea lorturik, berriz abiatu dutela 110 presoen askapena.

Urtarrilaren 15ean adostu zuten su-etenerako akordioa, hiru fasetakoa izan beharko lukeena. Hitzartutakoari segi, hamaseigarren egunean –matematikoki 30 edo 31n– hasi beharko lirateke bi aldeen arteko negoziaketak, su-etenaren bigarren fasea adosteko asmoz. Bahitu guziak askatzeko zein Gazatik Israelgo armada ateratzeko bideak izanen dituzte eztabaidagai nagusi.

Zisjordanian, su-etenik ez

Zisjordaniari dagokionez, palestinarren kontrako erasoak gogortu ditu azken egunetan Israelek. Zisjordania iparraldeko Tamun hiria bonbardatu du urtarrilaren 29an eta hamar palestinar hil ditu. Hilabete honetan, gutienez 45 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera.

Aste bat lehenago, urtarrilaren 21ean, Jenin errefuxiatuen kanpamentura zen sartu Israelgo armada. Israelgo Defentsa ministro den Israel Katzek bisita egin du Jeninera urtarrilaren 29an, eta jakitera eman dienez "modu iraunkorrean egonen da Tsahal [Israelen armada] Jeninen".