argia.eus
INPRIMATU
Jerry H. nigeriar homosexuala deportatzea bere bizia arriskuan jartzea dela salatu du Les Bascosek
  • Jerry H. nigeriarra da eta bere orientazio sexualagatik jasandako jazarpenak bultzatu zuen herrialdea uztera. Orain, Pauko administrazio epaitegiak migratzailearen apelazioa ezeztatu ostean, berehala deportatua izateko agindua du eta mobilizazioak antolatu ditu Les Bascos/Arcolan elkarte baionarrak: “Nigeriara itzultzea bere bizia arriskuan jartzea da, konturatu daitezela bere patua erabakitzen ari direnak”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urriaren 04a

Jerry kanporatzearen aurka gutuna bidali dio Les Bascos Euskadiko LGBT elkarteak Pirinio Atlantikoen departamenduko prefetari. Erabakia birpentsatzeko eta jarrera humanitarioa hartzeko eskatu diote, gizon hau Nigeriara kanporatzea “etorkizun tragikora” kondenatzen duen “basakeria” delako. Kanporatzearen aurkako ia 5.000 sinadura ere aurkeztu dituzte, manifestazioa egin dute ostiral goizean Bordeleko erretentzio zentroaren aurrean (bertan da Jerry), eta larunbatean Jerryren aldeko babes mitina prestatu dute leku berean, arratsaldeko 18:00etan.

Hegazkina hartu behar baduzu, adi egon

Kanporatzea berehala eman daitekeela-eta, egun hauetakoren batean abioia hartu behar dutenei ere oharra egin die Les Bascosek: “Adi egon, eta poliziarekin batera Jerry zure abioian ikusten baduzu, hegaldia blokatzen saiatu: esertzeari uko egiten badiozu, deportazioa bertan behera uzteko boterea du kapitainak”.

Jerryren egoera dramatikoa dela dio elkarteak: homosexuala izateagatik biolentzia izugarria jasan zuen Nigerian. Herrialde horretan, homosexualek pairatzen duten sorgin-ehiza salatu izan du Amnesty Internationalek.