argia.eus
INPRIMATU
Jeningo kaleen %70 suntsitu du Israelek, Zisjordaniaren aurkako azken oldarraldian
  • Ura, argindarra, janaria eta sendagaiak eskuraezin bihurtu dira Jenin hirian. Gutxienez 26 palestinar hil dituzte Zisjordanian, asteazkenetik.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 02a

Israelek erasoaldi militar handia abiatu du Zisjordaniako hainbat hiriren aurka azken bost egunetan, eta sarraski handia eragin du, batez ere Jenin hirian eta bertako errefuxiatu kanpalekuan. Hiriko agintari palestinarren arabera kaleen %70 baino gehiago suntsitu du, metro eta erdirainoko zuloak eginez, eta ur garbi eta zikinen sistemako 20 kilometro leherrarazi ditu. Al Jazeeraren esanetan 26 palestinar hil ditu gutxienez armada sionistak asteazkenetik, baina ia 50 dira beste iturri batzuen arabera, eta ehunka zauritu ere eragin ditu. “Azken hamarkadetan ikusitako erasoaldi bortitzena” dela zehaztu du Al Jazeerak.

50.000 pertsona bizi dira Jeninen, eta 20.000 inguru errefuxiatu kanpalekuan. Israelek setiatua dauka Jenin asteazkenetik. Aire erasoak egin ditu hirian eta kanpalekuan zehar, eta lurreko inbasioa ere abiatu dute azken egunetan. Ura eta argindarra moztu ditu armada sionistak, eta laguntza humanitarioa sartzea galarazi du, janaria eta osasun sistemarako beharrezko elementuak barne. Zigor kolektiboa eragiten aritzea leporatu diote Israeli, biztanleria guztiaren aurkakoa, eta “gerra krimena” dela ohartarazi dute hainbat eragilek.

Zisjordanian bigarren intifadatik ikusi gabeko indarrak mobilizatu ditu Israelek. Nazio Batuen Erakundeak Israelen ekintzak gaitzetsi ditu, eta “suntsiketa handia” eragitea egotzi dio. Mugarik Gabeko Medikuak GKEak salatu du, osasunera sarbidea oztopatzeaz gain, anbulantziak berariaz erasotzen ari dela armada sionista. Soldadu israeldarrek jipoitutako mediku boluntario batek salatu du haiek lanean zebiltzan ospitalea inguratu duela armadak Jenin hirian, eta ematen ari ziren dialisi tratamendua moztu behar izan dietela gaixo ugariri. Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak ohartarazi du Israel ez dela ari okupatzaile gisa dituen ardurak betetzen.

Jeningo erasoez gain, Zisjordaniako Tulkarem, Tubas eta Nablus hiriak ere kolpatu ditu Israelek azken egunetako oldarraldian. Etxeak leherrarazi, azpiegitura suntsitu eta kaleak hondatu dituzte soldaduek. Hebron hirian ere erasoak izan dira, eta hiriaren sarrera eta irteera guztiak itxita daudela jakinarazi du Al Jazeerak. Armadak egindako sarraskiez gain, kolono sionistek ere erasoak egin dituzte egunotan. Adibidez, Ramallah ekialdeko Burqa herrixkan sartu eta su eman dio kolono talde batek.

Erresistentzia palestinarraren erantzuna

Zisjordaniako borrokalari palestinarrek ere zenbait eraso egin dituzte Israelgo armadaren oldarraldiaren aurka. Soldadu bat eta hiru polizia israeldar hil dituzte azken egunotan, eta gutxienez beste bat zauritu, armada sionistako iturriek baieztatu dutenez.

Palestinako Jihad Islamikoak “lehergaiak ekoizteko fase berria” hasi duela jakinarazi du, eta ohartarazi etsaiak “eragina ikusiko duela gudu-zelaian”. Al-Quds Brigadako indarrek Tubasen, Tulkaremen eta Jeninen lehergailu ugari jaurti dituztela jakinarazi dute, eta soldadu israeldarrak hil dituztela esan, zenbat izan diren zehaztu ez badute ere.

Israelek ia 700 pertsona hil ditu Zisjordanian urriaren 7tik. Garai berean, 10.300 palestinar baino gehiago atxilotu eta bahitu ditu armada sionistak bertan.

Eskualdean ere gatazka areagotuz doa

Aktore gehiago erregimen sionistaren aurkako erasoak gogortzen ari dira azken hilabeteetan, eta Israelek ere eraso egin die inguruko hainbat herrialderi. Eskualde mailako gerraren beldurra zabalduz doa, aditu ugarik ohartarazi dutenez. Israel eta Libanoko Hezbollahren arteko erasoek ez dute etenik, gerra osoa izendatu ez bada ere. Libano hegoaldeko hainbat hiri bonbardatu ditu Israelek, eta Hezbollahk suziri ugari jaurti ditu Israel iparraldera asteburuan zehar, sionisten defentsa sistemak gehienak geldiarazi baditu ere.

Yemengo huthiek Itsaso Gorriko garraioa baldintzatzen jarraitzen dute, Palestinarekin elkartasunez. Azken egunetan erasoen irudi gehiago argitaratu dituzte, Israelekin merkataritza loturak omen dituen petroliontzi greziar bati dagozkionak oraingoan. Ontziaren gainazalean hainbat eztanda ikusten dira zabaldu duten bideoan, eta kezka azaldu dute nazioarteko hainbat eragilek, petrolio isuri handi bat egon daitekeelakoan.