argia.eus
INPRIMATU
Jenga formakuntza koadernoen lehen zenbakia argitaratu dute, ‘Okupazioaz birjabetuz’ izenpean
  • Birjabetze Kolektiboko Desjabetuon Eskolak jarri du martxan formakuntza koadernoen proiektua, "geure ezagutzaz jabetzeko" militanteen formaziorako tresna gisa. Errekaleorreko herri inprentan ekoiztu dituzte Jenga izeneko liburuxkak, eta Gasteizen egongo dira eskuragarri kostu prezioan (1,50 euro). Sarean ere jarri dute deskargatzeko aukera.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko uztailaren 09a

Langile klasearen arteko elkartasuna antolatzea da Birjabetze Kolektiboaren helburu nagusia, eta 2018ko irailetik, hainbat "erreminta efektibo" sortu eta garatu dituzte, desjabetuon beharrak kolektiboki asetu eta "forma sozial berri baten erreprodukziorako beharrezkoak liratekeen elementuak" sortzeko asmoz. Ahalegin horretan antolatu zuten, Okupazio Bulegoa ez ezik, Desjabetuon Eskola ere, "autodefentsa zentzu material batetik haratago ulertzeko salto praktikoa" emanez.

Barne mailako formakuntzen zein kanpora begirako hitzaldi eta hausnarketa kolektiboen bitartez, "azaleko kritikak, gaizki ulertuak eta burugogorkeriak" alboratu eta ideologiaren ikuskera zabalago bati heldu zioten; "etikaren eta teoria politikoaren harreman estuaz ohartarazten digun horri".

Okupazioaren inguruko eztabaida

Hain zuzen, otsailetik maiatzera egindako Okupazioaz Birjabetuz zikloaren "laburpen ahalegin bat" da izen bereko lehen zenbakia. Hala diote hitzaurrean: "Hurrengo orrietan aurkituko dituzun idazkiak, herri mugimenduko hainbat kideren ideiak dira, etengabeko metamorfosian dagoen okupazioaren inguruko eztabaidan, hurbilpen teoriko/praktiko soil batzuk, alegia. Amaieran, Birjabetze Kolektiboak ziklo honetatik ateratako zenbait gogoeta ere izango dituzue, Euskal Herriko mila txokoetan garatzen ari diren eta ilusioz betetzen gaituzten proiektuei erabilgarria izango zaielakoan... gure ezagutzaz birjabetu gaitezen!".

Salmenta puntuak Gasteizen:
  • Hala Bedi taberna
  • Zapateneo
  • Errekaleorreko txosna (Gasteizko jaietan, abuztuaren 2tik 9ra)