Urriaren 16an jendetza bildu da Tafallan Nafarroa Oinez ospatzeko. Egunaren arrakasta nabarmendu du antolakuntzak, "bai bertaratu den jendearengatik, bai eta normaltasun osoz igaro den jaiegunarengatik ere". Eskerrak eman dizkie, batetik, Tafallan "euskara ereitera" joandako herritarrei, eta lanean aritu diren mila bolondresei. Tafallako Garces de los Fayos ikastolak lekukoa eman dio hurrengo urtean jaia antolatuko duen Etxarriko Andra Mari ikastolari.
Laugarren aldia izan da Tafallan Nafarroa Oinez egin dela eta aurten "Erdian Erein" lemapean antolatu du festa. Ia bi kilometroko hiri-zirkuitua prestatu dute eta lau eremuak (Hazi, Kimu, Sustrai eta Zuhaitz) jendez gainezka egon dira egun osoan zehar.
Paula Arregi ikastolako zuzendariak festaren biharamunean ARGIAri aitortu dio merezi izan duela esfortzu guztiak, eta errepikatuko lukeela Nafarroa Oinez antolatzeko eginkizuna. "Ohorea" izan da Arregirentzat ardura hori izatea, eta nabarmendu du horrelako festak antolatzeak erakusten duela "bide onetik" doazela: "Ez naiz inoiz aspertuko esateaz ikastola gabe ez ginatekeela egongo orain gauden momentuan euskarari dagokionez. Bidea zaila da, zaila da euskaraz bizitzea Tafallan, baina bide egokian goaz, eta jarraitu behar dugu ereiten eta ereiten, zeren gero uzta jasotzen duzunean merezi baitu".
Ikastolen jaietan ohikoa den Erronka lehiaketan parte hartu dute Nafarroako ikastoletako ikasleek eta San Fermin ikastolako taldeak irabazi du lehen saria, Tafallako Ikastolak bigarrena eta Baztan Ikastolak hirugarrena.
Jaiaren irekiera ekitaldian parte hartu dute Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendari Paula Arregik, bertako presidente Aritz Azcaratek, Nafarroako Ikastolen Federazioko (NIE) lehendakari Elena Zabaletak, NIEko zuzendari Josu Reparazek, baita erakundeetako eta alderdietako ordezkariek ere.
Arduradunek Tafallako Ikastolaren euskararen aldeko ibilbide historikoa azpimarratu dute, eta ausardia eskatu diete eragile politikoei, ekintza zehatzen bidez ikastola honen proiektua finka dezaten, zonaldean kalitatezko euskarazko hezkuntzaren erreferente izaten jarraitu ahal izateko.
Bildu duten dirua aurten 52 urte bete dituen Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zorrei aurre egiteko baliatuko dute. Hori diote Berria egunkariak jaso dituen Paula Arregi ikastolako zuzendariaren hitzek: "Estutzen gaituzten eta lo egiten uzten ez diguten zorrei aurre egin nahi diegu".