Antolatzaileen arabera, 55.000 lagun bildu dira, eta 200.000tik gora Frantzia osoan. Poliziak 30 lagun atxilotu ditu manifestazioaren aurretik.
Iragan osteguneko jendetzarik gabe, baina erraz hartu dute Bastilla plaza lan erreformaren aurkako manifestariek. Protesta antolatu duten sindikatuen arabera, 55.000 lagundik gora elkartu dira. Poliziaren ustez, 14.000 izan dira plazara bildutakoak. Frantzia osoan egindako protestetan, 200.000 lagunen langa gainditu dute.
Plazako sarrera guztietan kontrolak ezarri dituzte segurtasun indarrek. Protestaren ibilbide osoan geratu dituzte manifestariak, Bastillatik Italia plazaraino. Horrez gain, 30 lagun atxilotu dituzte manifestazioa hasi aurretik.
Legearen joan-etorriak
Bien bitartean, aurrera darrai lan erreforma ahalbidetuko duen legea onartzeko prozesuak. Frantziako senatuak lege proiektua onartu du, 29 botoren aldearekin. Aurrera egin duen testua eskuinaren bertsioa da, eta Sarkozyren alderdiak babestu du; senatuan duten gehiengoak ahalbidetu du hori. Bertsio horren aurka egin dute sozialistek, komunistek eta ekologistek.
Alabaina, datozen egunetan asanblada nazionalak berriz bozkatuko du lege proiektua, eta aldaketak espero dira. Eskuinaren bertsioa alboratuta, sozialisten testu originalaren alde egitea aurreikusten da. Hala, lege proiektua bozkatu beharko da gero, behin-betiko legea ezartzeko. Komunisten eta ekologisten jarrerak garrantzia handia izango du.
Interpellation ultra-violente pour rien, je déconne pas #manif28juin pic.twitter.com/DFLfkscN2Z
— Vincent Boudghene (@VBoudghene) 28 de junio de 2016