Euskal Herriko etxe askotan egonen da zintzilikatuta Usurbilgo Alkartasuna kooperatibaren ilargiaren egutegia. ARGIAko Bizi Baratzea proiektua, Biharko Lurraren Elkartea, Ekolurra eta Nafarroako Nekazaritza Produkzioa Ekologikoaren Kontseiluak lagunduta, dagoeneko kaleratu dute 2021ekoa. Kooperatiban bertan, ohiko dendetan eta ARGIAren Azokan eskuratu daiteke. Asier Kortadi Agote Alkartasuna kooperatibako kidea elkarrizketatu dugu.
Nondik sortu zen ilargiaren egutegia egiteko ideia?
2010ean atera genuen lehen aldiz. Dendan ilargiaren inguruan askotan sortzen ziren zalantzak eta galderak, eta pentsatu genuen horri erantzun bat eman geniezaiokeela egutegiarekin. Hilabetez hilabete ilgora eta ilbehera irudikatzea izan zen asmoa, hortik hasi ginen. Handik urte pare batera, egutegi biodinamikoaren datuak gehitzea erabaki genuen: hor azaltzen da egun bakoitza zein nekazaritza lanetarako den aproposa.
Bi iturritatik jasotako informazioa biltzen du egutegiak, beraz.
Bai, hori da. Bata, ilargiarena: ilgora eta ilbehera irudikatzen dira egunez egun, zenbakiaren koadrotxoaren kolorearen arabera. Nekazaritzako eta basogintzako lanetan ilargiak momentu batzuetan lagundu egiten du, eta beste zenbaitetan kaltetu.
Bestea, berriz, egutegi biodinamikoarena da: nekazaritzarekiko eragin kosmikoa azaltzen du honek, Maria Thun-en ereduaren arabera. Laburbilduz, esan daiteke lau fase daudela, eta fase horietako bakoitzean gauza ezberdinak erein edo landatzea gomendatzen da: kolore gorriko marra duten egunak fruituak erein edo landatzeko egokiak dira, marroiak sustraia ematen duten landareentzat, urdinak hostodunentzat eta horiak, berriz, loredunentzat. Azkenik, denerako egun desaproposak marra beltzez adierazten dira: egun horietan hobe ezer ez egitea.
Norentzat da erabilgarri egutegi berezi hau?
Nekazaritzan arituko den edonorentzat, ez da profesionalei soilik bideratutako egutegia. Nekazaritza demokratizatzea bilatzen dugu guk, hastapenetan dabilen norbaitentzat gida moduan ere balio dezake. Gero norberak bere bidea eginen du, baina behintzat erreferentzia bat hor badu. Testaje batzuk ere proposatzen dizkiegu egutegia erosten dutenei: egin dezatela beraien baratzeetan ariketa, egun konkretu batzuetan landaketak eginez eta egutegi biodinamikoaren arabera landatutakoan desberdintasunik ba ote dagoen egiaztatzeko.
Arrakasta handia du egutegiak, ezta?
Sekulako arrakasta du, bai. Iaz urtarrilerako guztiak salduta geneuzkan, eta badirudi geroz eta zabalkunde handiagoa duela.